Elorrioko lasterketak modalitateko onenak batuko ditu gaur

Anboto 2013ko aza. 10a, 08:59

Gaur Elorrioko ziklo-kros proba izango da San Jose inguruko landetan; Federazio Koparako puntuagarria da; gizonetan Egoitz Murgoitio, Aitor Hernandez eta Aketza Peña etorriko dira, besteak beste

Gaur Elorrioko ziklo-kros proba izango da San Jose inguruko landetan; Federazio Koparako puntuagarria da; gizonetan Egoitz Murgoitio, Aitor Hernandez eta Aketza Peña etorriko dira, besteak beste.

 

Elorrioko txirrindulari elkarteak antolatuta, gaur Elorrioko ziklo-kros probaren 38. ekitaldia lehiatuko dute San Jose inguruko Landetan. Gazte mailakoek 09:00etan hasiko dute lasterketa, eta elite mailakoa 13:15ean hasiko da. Federazio Koparako puntuagarria denez, kadeteetatik nagusienetara (Master 60ra arte) modalitateko onenak etorriko dira. Gizonen elitean Egoitz Murgoitio (Hirumet-Orbea), Aitor Hernández, Aketza Peña eta Jabier Ruiz de Larrinaga dira faborito. 23 urtez azpikoan Jonathan Lastra eta Kevin Suarezen arteko borroka espero da. Gazteen mailetan Durangaldeko hainbat ordezkari egongo dira, besteak beste, Gontzal Garcia (Gaursa Renault) eta Aroa Gorostiza (CAF Engineering) kadeteetan, eta Jon Munitxa (Beste Alde) gazteetan. Munitxak gustuko du zirkuitua, eta onenen artean ibiltzea itxaroten dute.

 

Zirkuitua iazko ia berbera da, baina 200 bat metro laburtu dute gazte mailakoentzako erosoagoa izan dadin: 2.750 metro ditu aurten. Ohiko arrapala eta eskailerak izango ditu, baina teknikoa baino gehiago, pedalei gogor eragiteko zirkuitua da.

 

C1 kategoriaren bila

Igorren Munduko Kopako lasterketa antolatzeari utzi egin behar izan ziotenetik, Euskadi nazioarteko errefrentzia probarik barik geratu zen, eta Joseba Gorostiza Elorrioko txirrindulari elkarteko presidenteak azaldu duenez, datorren urtera begira “hutsune hori betetzen” saiatuko dira: “Astelehenetik aurrera 2014an Elorrioko probak C1 kategoria izan dezan lanean hasiko gara. Zirkuitua, antolaketa eta azpiegiturak baditugu. Dirua da arazoa. C1 proba batean kostua hirukoiztu egin daiteke. Baina bide horretan lan egingo dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!