Inprobisazio saio batek abiatuko du XXIV. Jazz-Blues Jaialdia

Anboto 2013ko aza. 12a, 08:55

Ateneoan izango da lehenengo kontzertua, azaroaren 14an

Ateneoan izango da lehenengo kontzertua, azaroaren 14an.

 

Denera zazpi kontzertu bilduko ditu Arriolako Jazz-Blues Jaialdiaren XXIV. edizioko programazioak. Bertako jazzlarien zein nazioarteko taldeen emanaldiak izango dira Elorrioko hiru aretotan: Ateneoan, Arriolan, eta Portalekua tabernan. Jazz inprobisazio saioak zabalduko du, azaroaren 14an, jaialdia, eta azaroko bi asteburutan, hiruna blues eta jazz kontzertu eskainiko ditu jaialdiak.

 

Jaialdiko lehenengo asteburuan, Euskal Herrian sorturiko bi jazz talderen eta Hungarian jaiotako blues sortzaile baten emanaldiak izango dira, Elorrion. Azaroaren 15ean, 22:30ean, Ateneoan, Musikenen zebiltzala bost jazzlari gaztek sortu zuten RS Faktor boskotea ariko da. Jazz inprobisaziorako, pianoa, kontrabaxua, bateria, saxo tenorra eta tronpeta erabiltzen dituzte.

 

Bestetik, Hungarian jaio eta musikari bezala AEBetan hezitako Little G. Weevil musika egilea bi taldekidek lagunduta ariko da azaroaren 16an, 22:30ean hasita, Ateneoan. Hungariarrak 80ko blues sortzaileen arima eta soinua ekarriko ditu Durangaldera.

 

Jazz-Blues Jaialdiko lehenengo asteburua ixteko, Raul Romo eta Hasier Oleagak sorturiko Maracas para dos taldea gonbidatu dute. Azaroaren 17an, 20:30ean hasita, jazza eta funka eskainiko du talde horrek, Elorrioko Portalekua tabernan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!