"Urkiolara egin dudan igoerarik onena 72 urtegaz egin nuen"

Anboto 2013ko urr. 10a, 08:29
Txirrindulari profesionalei ere zast! aurreratu, eta ziria sartzeagatik ezaguna izan da Felix Larramendi. Polio baserriaren izenagaz ezagutzen dute gehienek eta adinean gora joan arren, bizikleta gainean ikustea ez da batere arraroa. Ebakuntza bat eduki du eta hile batzutan ez da bizikletara igo. Laster hartuko du, aste honetako Anboto kaleratu orduko hartu ez badu

Txirrindulari profesionalei ere zast! aurreratu, eta ziria sartzeagatik ezaguna izan da Felix Larramendi. Polio baserriaren izenagaz ezagutzen dute gehienek eta adinean gora joan arren, bizikleta gainean ikustea ez da batere arraroa. Ebakuntza bat eduki du eta hile batzutan ez da bizikletara igo. Laster hartuko du, aste honetako Anboto kaleratu orduko hartu ez badu.

 

Bizikleta berriro hartzeko gogoagaz?

Gogoak ez dira sekula falta! Aurreko baten andreak erruberak puzten harrapatu ninduen... eta esan zidan ea zertan nenbilen! Ez noa kasurik egiten, e? Errekuperatu naiz operaziotik. Atzo ere bizikleta hartzekotan nintzen, baina lurra bustita zegoela eta ez nuen hartu azkenean. Orain Elorrio barruan ibiltzen naiz, asko irten barik. Leku onak daude bizikletan ibiltzeko.

 

Noiz hartu zenuen bizikleta lehenengoz?

Afizioa hamahiru urtegaz hasi zitzaidan. Mutikotan bizikleta lasterketak egoten ziren San Luis egunean, eta orduantxe parte hartu nuen lehenengoz karrera batean.

 

Mutiko askok parte hartzen zuten karrera horietan? \"\"

Zenbatek zeukaten bizikleta ba? Gutxik. Aitak guri bizikleta bat erosi zigun hiru anaientzako. Hor ibiltzen ginen hirurok borrokan, zeinek bizikleta hartuko. Gero handik urte bira-edo nire bizikleta izan nuen. Baina kanbio barik ez ezer, e? Gasteizera joan nintzen behin kanbio barik! 18 urtegaz edo...

 

Garai hartan, errepideak ez ziren oso egoera onean egongo.

Dena zuloekin eta... Gaztetan behin erromeria batera joan ginen Bergarara, eta bueltan taxiak ez zuen gura Elgetatik bajatu. Handik oinezean bajatu behar izan ginen. Oso errepide txarrak zeuden.

 

Baina hala eta guztiz, asko mugitzen zinen!

Bai, eta karrerak ikustera ere bai. Urkiolako igoerara eta... mila bider igo naiz. Urkiolara egin dudan igoerarik onena 72 urtegaz egin nuen.

 

Sasoian!

Bai. 80 urtegaz ere ondo ibiltzen nintzen. 85 urtera arte 100 kilometro egiten nituen.

 

Konpetitu ere egin duzu.

Beteranoekin, leku askotan. 55 urtegaz hasi nintzen beteranoekin. Adinaren arabera, A, B eta C kategoriak zeuden. A eta Bkoak asko, baina nagusiagoak gutxi ginenez, kapitaina izan nintzen. Asko mugitu ginen, eta orduan konpetitzeko lekura ere bizikletaz mugitzen ginen. Gogoratzen dut Leitz Gatzagara joateko behin, Eskoriatzan sagarrak osten ibili ginenekoa. Gauzak asko aldatu dira. Ura edateko iturrietan geratzen ginen, ez zen orain bezala...

 

Afizioa itzela! Bai, afizioa bai, baina denbora gutxi izaten nuen. Fundizioko lana, mendian pinuak boatzen, etxeko lanak... Behin, tailerrean seiretatik ordu bietara lan egin, bazkaldu, mendian lau ordu egin eta gero Galloko buelta (Zornotza eta Galdakaotik doan ibilbidea) egin nuen. 64 kilometro dira.

 

Errepidean zirikatzailea izan zara.

Gazteei sorpresa eman eta aurreratzea gustatu izan zait. Profesionalekin asko elkartu naiz errepideetan, eta badenetan eta... Jokaldia egiten nuen. Aurreratzen hasten nintzenean esaten nien, “Aupa mutilak! ipurdia altxatu!” Zirikatzea beti gustatu izan zait. Esprintak egiten beti izan naiz ona. Gero harrapatzen ninduten, eta, “beno, mutilak, ni iada nekatu naiz...” Hurrengo badenean agian berriro aurreratu eta “aupa mutilak! gogor hor!” Askotan hiru bider ere aurreratu izan ditut! Horrela hirurogeita hamapiku urtegaz ere bai.

 

Gutxik izango dute zuk lako sasoia zure adinean!

Gutxik! Bizikletan 70 urtetik gorako batzuk bai, badabiltza, baina gutxi. Osasunagaz ondo nabil eta uste dut horretan bizikletak ondo egin didala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!