Ezkutuko errealitateak Arriolako pantaila handiko protagonista

Anboto 2013ko ira. 27a, 08:37

Bilboko Cine Invisible jaialdiaren bosgarren ediziora aurkezturiko filmak eskainiko dituzte, asteburuan, Elorrioko Arriolan: bihar, etzi eta astelehenean

Bilboko Cine Invisible jaialdiaren bosgarren ediziora aurkezturiko filmak eskainiko dituzte, asteburuan, Elorrioko Arriolan: bihar, etzi eta astelehenean.

 

Ohiko ikuskizunen sailaren lekuan, Bilboko Cine Invisible jaialdira aurkezturiko film sozialak eskainiko dituzte, zapatuan, domekan eta astelehenean, Elorrioko Arriola Antzokian. Kultura Communication y Desarrollo Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatzen du Bilboko Cine Invisible jaialdia, eta atzo inauguratu zuten, Bilboko Alhondegian. Asteburuan Arriolara ere zabalduko dute irailaren 26tik urriaren 3ra Bilbon egingo duten jaialdiaren uzta. Zapatuan, domekan, eta astelehenean eskainiko dituzte Arriola Antzokian, “komunikazio soziala eta kulturala sustatzeko” helburuz antolaturiko jaialdiaren bosgarren ediziora aurkezturiko filmak.

 

Lau film eskainiko dituzte bihar. Hiruk Kuba, Sahara eta Kolonbiako errealitateak hurreratuko dituzte, eta azkena arrantzaren ustiaketa masiboari buruzko lan bat da.

 

Domekan, zazpi lan eskainiko dituzte, 20:00etan hasita: garapen jasangarria, giza eskubideak edo aniztasun kulturala dituzte film horiek ardatz, eta Argentinan zein Euskal Herrian ekoitzitakoak dira.

 

Astelehenean ere, gai sozialei buruzko sei film eskainiko dituzte, Elorrioko Arriolan. Genero gaiekin lotura duten filmak emango dituzte egun horretan, eta baita kultur aniztasunari buruzkoak ere. Guatemala, Espainia, Kuba eta Peruko sortzaileek sorturiko lanak izango dira asteleheneko protagonistak.

 

Askotariko diziplinak

Zinema areto konbentzionaletako pantailetan ohikoak ez diren gaiak eta errealitateak erakusten dituzte Cine Invisible jaialdiko filmok, eta hainbat generotakoak dira, gainera: dokumentalak ez ezik, animazio lanak, bideoklipak eta fikziozko lanak eskainiko dituzte.

 

Pentsamendu eredu eta diskurtso bakarraren aurrean, errealitatearen bestelako kontakizuna egiten duten ikusentzunezkoak gerturatuko dizkiete Durangaldeko ikusleei.

 

Sarrerek bi euro balioko dute, eta 16 urtetik gorako ikusleei zuzendurikoak dira film guztiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!