Kuriositateagatik kultur etxera deitu du elkarrizketa hasi baino lehen, eta ezustekoa! Dagoeneko hamabost pertsonek eman dute izena berarekin sevillanak ikasteko. Ez zuen horrenbeste espero. Elorrioko Matzorri okindegitik ezagutzen du jende askok Isa Garcia. Urteak daramatza sevillana dantzekin gozatzen.
Zelan, bada, sevillana irakasle?
Lagun talde bat beti ibili zait eskatzen sevillanak dantzatzen irakasteko. Nik duela urte mordo bat egiten dut dantza. Baina ikusten nuen ez neukala lekurik, denborarik... Iaz mugitzen hasi ginen, baina berandu ibili ginen. Aurten, kultur etxean galdetu, eta aurrera joan da. Nik, egia esan, ez neukan argi taldea sortuko zenik.
Hamabost pertsona animatu dira, bada!
Ezustekoa izan da, bai, ez nuen pentsatzen horrenbeste jende animatuko zenik. Sevillanak hemen ez dira asko entzuten...
Noiz sartu zinen sevillanen mundura?
Aspaldi! Hamabost edo hogei urte izango dira. Ni oso dantzazalea naiz, dantza guztiak gustatu izan zaizkit, salsa, merengea, batxata... denak. Baina sevillanak dantza egiteko pauso zehatz batzuk ikasi egin behar direnez, ikasten hasi nintzen. Gero, Durangon azokaren bat egiten badute, edo sevillanak jartzen dituzten leku bat badago, hara joaten naiz.
El Rocioko jaira (Almonte, Huelva) ere joaten zara.
Bi urtetan joan naiz. Itzela da hangoa, esperientzia itzela. Ez sevillanak dantzatzeagatik bakarrik, e? El Rocio herrixkarako bidea ere egiten dugu, egun batez. Aste osoko jaia da, kantuan, dantzan... Hango giroa asko gustatzen zait.
Hangoen antzeko estiloa daukazu dantzan?
Batzuek ez dute sinesten hemengoak garenik. Hemezortzi emakume joaten gara. Deustuko nire lehengusina bategaz, eta bere dantza-lagunekin joaten naiz. Ez dute sinesten: “Bilbokoak? Hemengo batzuek baino hobeto egiten duzue dantzan eta!”
Zuretzako zergatik dira bereziak sevillanak?
Asko gustatzen zaizkit, eta oilo larrua ipintzen didate. Baina berdina pasatzen zait Benito Lertxundigaz, e? Ez da sevillanak leku batekoak direlako edo flamenkoa direlako. Ni ez naiz andaluziarra. Musika mota batzuek gehiago hunkitzen naute, zer edo zer sentiarazten didate, eta horrek ere ukitu egiten nau.
Dantza pausoak gaitzak dira?
Ikasi egin behar dira, eta denboratxoa behar da. Ez da saltsa moduan, adibidez, musika entzun eta gorputza haren erritmora doala. Pauso oso zehatzak dituzte sevillanek, tangoaren moduan. Behin pausoak ikasita, asko gozatzen duzu.
Pausoetarako sagarraren jokoa benetakoa da?
Sagarra hartu, sagarra jan eta sagarra bota... Hori mito bat da! Eskuak jiratu behar dira, bai, baina andaluziar batek esango dizu sagarraren kontua ez dela benetakoa. Eskuaren mugimenduagatik asmatu den zer edo zer da, baina asmakizun hutsa da!
Gogotsu zaude dantza eskolak ematen hasteko?
Egiten dakidana irakatsiko diet nik, ez naiz ez dakit zelako irakaslea izango. Eurek nik gozatzen dudan moduan gozatzea gustatuko litzaidake. Pausoak ikasi ditzatela. Hasieran, agian pixka bat sufritu egingo dute. Nik inoiz jendea negarrez ere ikusi dut , “nik hau ezin dut ikasi, ezinezkoa da” esanez. Eta, gero, erakusketetan eta guzti egin dute dantza. Mundu guztiak ikasi dezake sevillanak dantzatzen. Jende nagusiak ere ikasi du, pausoak memorizatzea gehiago kostatu arren.
Okindegian zer esan dizute bezeroek?
Uste dut jende askok jakin duela dantzetan nabilela. Gabonetan Kainaberaren jaialdian ere parte hartu izan dut, eta azkenean leku publiko baten ikusi naute. Jende askok daki mundu hori gustatzen zaidana. Inauterietan, gainera, okindegian beti flamenko, kordobar edota rociera jantzita ikusi izan naute.