Pixontxis taldearen kanta berriak, jaietan, Gaztetxean

Anboto 2013ko ira. 6a, 11:00

Urte amaiera baino lehen kaleratuko duten diskorako sortutako kantak joko dituzte Elorrion

Urte amaiera baino lehen kaleratuko duten diskorako sortutako kantak joko dituzte Elorrion.

 

Ferixa Nausiko jaien harira, Gaztetxean dute hitzordua Pixontxis taldekoek gaur gauean. Elorrioko hiru musikarik eta Etxebarriko batek osatzen dute Pixontxis musika taldea. Urtea amaitu baino lehen kaleratuko du laukoteak iraupen luzeko lehenengo diskoa, eta azken aldian eskaini dituzten kontzertuetan bezala, kanta berri horiek joko dituzte Elorrioko Gaztetxean, gaur.

 

Liher Larrañaga taldekideak azaldu duenez, “orain arte jorratu dugun punk-rock oinarria mantendu dugu, baina kañeroagoak eta landuagoak dira kanta berriak”. Zortzi kanta grabatu dituzte disko berrirako. Lehendik, 2010ean, lau kantako maketa kaleratu zuten, eta oraingoan ere Elorrioko Iheskide taldeko Sagu izan dute grabazio lana gidatzen. Duela hiru urte egin zuten lan horrekin alderatuta, lortutako esperientziari esker “garapena” begibistakoa dela uste dute Elorrioko musikariek.

 

Abenduan hasi zuten grabazioa, baina hiru hilabeteko geldialdia egin behar izan zuten tartean. Lana berrartu, eta maiatzean amaitu zuten grabazioa.

 

Taldekideen berbetan, “amaitzeko presarik barik” jardun dute diskoa grabatzen, baina datozen asteetan azken ukituak eman, eta urtea amaitu orduko kaleratuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!