Kanpoan ez geratzeko borrokan dabil Iñigo Gabiria Alpeetan

Anboto 2013ko uzt. 12a, 10:07

Red Bull XAlps probako seigarren jardunaldia lehiatzen dabil elorriarra

Red Bull XAlps probako seigarren jardunaldia lehiatzen dabil elorriarra.

 

Red Bull XAlps parapente lasterketa biziraute proba bat da berez. Lo falta, 17 orduko jardunaldiak parapentean zein korrika, euria, halamoduzko elikadura… Baina gogortasunagatik ez ezik, lasterketan duen kokapenagatik ere (azken aurreko dago) proba biziraute kontu bat bihurtu da Iñigo Gabiriarentzat (Elorrio, 43 urte). Horrela izan da domekan lasterketari ekin zionetik.

 

Egun birik behin azkenengo doan parapentelaria eta bere taldea probatik kanporatu egiten dituzte. Orain arte libratu dira, baina datozen egunetan ere borroka handia aurreikusten dute atzetik dabiltzanen artean. Domekan Salzburgon (Austria) hasi zen proba, eta 15 bat egun eta 1.031 kilometroko ibilbidean Alpeak alderik alde zeharkatu ondoren, Monakon izango dute helmuga. Gabiriak eta bere taldekideek (Xabi Amorrortu elorriarra eta Iñigo Arizaga eibartarra) adierazi dute lasterketa hiru multzotan banatuta dagoela: irabazteko borrokan dabiltzanak, lasterketa ahalik goren amaitzea helburu dutenak eta kanpoan ez geratzeko egunero eraginkortasun azterketa bat gainditzera behartuta daudenak. Gabiriak bigarren multzoan ibili gura zuen, baina hainbat faktorek (esaterako, ezin izan dute parapentea nahi beste bider erabili) azken postuetara eroan dute. Maurer liderrari 430 kilometro falta zaizkio amaitzeko; Gabiriari 800 inguru.

 

Arerioak diren arren, azken sailkatuen artean dagoen aditasuna azpimarratu dute; elkarrilaguntzeko prest daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!