Bergarako musika eskolako umeak protagonista, ‘Peter Pan’ musikalean

Anboto 2013ko uzt. 6a, 08:54

Musikaire jaialdiaren barruan, 22:30ean eskainiko dute emanaldia domekan, Elorrioko plazan.

Musikaire jaialdiaren barruan, 22:30ean eskainiko dute emanaldia domekan, Elorrioko plazan.

 

Iaz Bergarako musika eskolaren 25. urteurrena ospatzeko sorturiko ikuskizuna da domekan berriro Elorriora dakarten Peter Pan musikala. Bigarren aldiz eskainiko dute emanaldia Elorrion, baina Musikaire nazioarteko jaialdiaren barruan datoz oraingoan. Domekan, 22:30ean hasita eskainiko dute emananaldi, Elorrioko plazan.

 

Bergarako musika eskolaren urteurreneko ospakizunerako, umeak protagonista izango ziren zerbait berezia sortu gura zutela, eta horrela abiatu zutela Peter Pan musikala azaldu du Marije Ugalde Bergarako musika eskolako zuzendariak. Ordutik hona, eta urte biko lanaren ostean, musikal handia sortu dute. Elorrioko plazako etziko emanaldian, 85 partaidek jardungo dute oholtzan.

 

Eskolako zuzendariak azaldu duenez, Bergarako eskola osoa inplikatu da azken hileetan proiektu honetan: ikasleak, irakasleak eta gurasoak elkarlanean aritu dira ikuskizuna prestatzen. Lan borobil hori izango da uztailaren 7ko Musikaireko hitzorduan ikusgai.

 

Batez ere, umeek ikuskizunean egiten duten lana azpimarratu gura izan du Marije Ugalde musika eskolako zuzendariak: “Antzezpenean zein kantuan, hasi ginenetik orain arte, izugarri hazi dira umeak”.

 

Ugalderen berbetan, herriko kolaboratzaileek egindako dekoratuak ere ikuskizunaren ezaugarri nabarmenak dira: “Lan bikaina egin du talde teknikoak ere eszenografian”.

 

Eskolako zuzendariaren berbetan, “musika zoragarriko ikuskizuna da” Peter Pan: eskolako irakasle eta ikasle ohien 26 partaideko orkestrak jardungo du musika eskaintzen.

 

Bergarako hiru emanaldigaz estreinatu zuten lana, eta Elorrion eta Bilbon ere eman izan dute. Urrian, Donostiako Kursaalen eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!