Asteburuan da Musikaire 2013; eta hamaika musika eta antzerki emanaldi dakartza Elorriora.
Vieux Farka Touré malitarrak —aldameneko argazkiko musikariak— itxiko du, uztailaren 28an, aurtengo Musikaire jaialdia. Gaur hasita, eta uztail osoan, munduko kulturen erakusleiho izango dira Elorrioko plazak eta jauregiak. Hamaika emanaldi eskainiko ditu Musikaire jaialdiaren programazioak: denak doakoak eta herritar guztiei irekiak. Zortzi musika emanaldi, dantza ikuskizun bat eta musikal eta antzerki emanaldi
|
Garikoitz Mendizabal txistulariak zabalduko du, gaur, Musikaire, eta Kepa Junkera, Pello Ramirez, Mariano Santamaria, Xabier Zabala, Oihane Igerbide eta Iñaki Telleria musikari handiek lagunduta jardungo du Lariz jauregiko emanaldian. Instrumentu tradizional horrekiko “aurreiritziak apurtzea” izango dute saio horretan helburu.
Euskal Herriko beste hainbat musikari handik ere joko dute datozen asteetan, Elorrion: batetik, Oroimenaren oraina lana eskainiko du Benito Lertxundik uztailaren 13an, Elorrioko plazan; eta bestetik, bi belaunalditako lau jazzlari euskaldun handik lagunduta jardungo du Hasier Oleaga bateria jotzaileak, uztailaren 19ko emanaldian. Harekin batera, Iñaki Salvador, Jon Piris, Mikel Andueza eta Julen Izarra dira Hasier Oleaga Quintet.
Goi mailako musikari euskaldunez gainera, munduko beste txoko batzuetakoak ere bildu ditu Musikaire jaialdiak: flamenkoa eta jazza uztartzen dituen Jerez Texas, Alondra Bentley, Diouke, Antonia Font... Estilo anitzekoak, eta kalitate handikoak den-denak.
\'En el nombre de la rosa\' antzezlana, ‘Peter Pan’ musikala, eta Dantzaz konpainiaren emanaldia ere izango dira ikusgai
Umberto Eco idazlearen izen bereko nobelan oinarrituriko antzezlana dakar Ados Teatroa konpainiak, Musikairera. Uztailaren 12an, 22:30ean eskainiko dute. Intrigaz beteriko istorioa da En el nombre de la rosa lanekoa: abadetxe batean gertaturiko hilketa susmagarriak argitu nahian, Guillermo de Baskerville eta haren ikaslearen ibilerak kontatzen ditu. Karra Elejalde eta Juan José Ballesta dira obrako antzezle nagusiak.
Arrakasta handiko Bergarako Musika Eskolako kideen Peter Pan musikala ere barne hartzen du Elorrioko 2013ko Musikaire jaialdiak. Musika eskola horretako ikasleen eta irakasleen talde instrumentalak eta umeen abesbatzak jardungo dute ikuskizun horretan.
Dantza garaikideko ikuskizuna dakar, bestalde, Dantzaz konpainiak, Elorriora: Itzik Galili eta Jacek Przybylowicz koreografo ezagunak gonbidatu dituzte lan horretan parte hartzera. |