Zelako lanak egiten dituzu?
Neurrira josten eta konponketak egiten ibiltzen naiz. Orain egindako arropa asko dago, baina ez dira denentzako ondo eginda egoten. Gorputz guztietarako bete-betean asmatzea ez da erraza. Neurrian egin behar da, ze batek mokorra dauka altuagoa, besteak sorburua...
Zelan hasi zinen josten? Ama ere jostuna zeneukan...
Amak ezkondutakoan utzi zion. Aita hargina zen, eta ezkondutakoan, bietako batek ofizioa utzi behar zuela eta ama geratu zen baserrian. Nik kalean ikasi nuen, eta gero, etxerik etxe ibiltzen nintzen praktikak egiten. Bazekiten ikasi nuela, eta amari esaten zioten: “bialdu eidazu alabia”, eta hantxe joaten nintzen. Jendeak ikusi egin behar zuen zer egiten zenuen, eta etxerik etxe ibili nintzen, urte bian. Gero etxean geratzen hasi nintzen, eta jende asko etortzen zitzaidan San Agustinera ere.
Gerrostean ikasi zenuen zuk.
Bai, kostatu zitzaion egoerari normaltzea. Arroparik ez, telarik ere ez: zakuekin gonak egiten ibiltzen ginen. Ikasten ibili nintzenean, jenero gutxi zegoen. Ehunezko izarak zeuzkanak, haiekin egiten zituen trajeak, soinekoak.... Telak-eta, desagertuta denak!
Irakatsi ere egin zenuen.
Aprendizak edukitzen nituen, zortzi-hamar. Jostekoak ez du dirurik ematen, eta orain ez du inork ikasi gura. Lehen beti egoten zen baten bat. Eskolatik irtetean, josten ikasi edo neskame joan. Andren beharrak horiexek izaten ziren. Josten irakasten giro itzela egoten zen. Gazteak beti juergarako libre!
Etxekoentzako asko josiko zenuen zuk...
Asko, asko! Lehen jaunartzekoak eta... Nire alaba Blankiren ezkontzarako ere, denentzako arropa egin nuen. Ordu bi lo eginda joan nintzen ezkontzara gero! Lan batzuetarako epeak ezin izaten nituen bete, baina ezkontzetarako beti, arropa amaitzeko lorik ez banuen egiten ere.
Gaztetxotan baserriko jeneroa saltzen zenuen plazan.
Bai, esne saltzen ibiltzen nintzen, eta plazara azak, letxugak, bainak... sasoian sasoikoak. Lehen, merkatuaren plaza arkupea dagoen lekuan egoten zen, Fidelen taberna parean, egunero.
Gerra denboran ere joaten zinen plazara.
Gerrostean kendu zuten plaza. Soldaduak etortzen ziren, eta haiekin berba egiten genuen. Basora zihoazela eta miliziano batek helbidea emateko eskatu zidan. Nik ezetz, han broman ibili bai, baina ez nuen ezagutzen eta ezin jakin milizianoak nondik nora ibiliko ziren... Bada, idatzi zidan karta, “Dominga, la que suele estar en la plaza” ipinita. Ez nion erantzun. Esango zuen, ez du hartu eta kitto, baina heldu zen.
Bonbardaketa batek kalean harrapatu zintuen, ezta?
Esnea banatzeko goizago joaten nintzen, bonbardeoan hasi orduko. Tabako bila joan behar nuen egun hartan, eta han non hasi ziren kanpaiak, bonbardaketako abisua. Kanpandorrera igo nintzen, eta hasi ziren bonbak botatzen. Ahizpa nire bila etorri zen trenbidetik. Kanpandorretik bajatu, eta berriro bonbak hasi zirenean, elizara sartu ginen. Korupean zakuak ipinita zeuden, babesleku modura. Milizianoak artoa eta esnea jaten etortzen ziren gurera. Guk ez genuen goserik pasatu, jeneroa etxean geneukalako.
Zeuk janzteko arropa ere egiten duzu?
Klaro ba! Denak. Niretzako egundo ez dut arroparik erosi. Josteari ekiten diot, horregatik. Gero ahaztu egiten da, eta norberarenak ere ezin egin. Ahal dudan artean jarraitu egingo dut, ez naiz aspertzen-eta.