Austriatik Monakora hegaz joango da Iñigo Gabiria, Alpeak zeharkatuz

Anboto 2013ko eka. 19a, 12:57

Elorriarrak Red Bull X-Alps lasterketa prestigiotsuan parte hartuko du uztailaren 7an hasita: \"Jomuga gorena da, honen gainetik ez dago ezer\". Gabiriak Xabi Amorrortu elorriarraren (logistika arloa) eta Iñigo Arizaga eibartarraren (metereologian aditua eta parapentelaria) laguntza izango du

Elorriarrak Red Bull X-Alps lasterketa prestigiotsuan parte hartuko du uztailaren 7an hasita: "Jomuga gorena da, honen gainetik ez dago ezer". Gabiriak Xabi Amorrortu elorriarraren (logistika arloa) eta Iñigo Arizaga eibartarraren (metereologian aditua eta parapentelaria) laguntza izango du.

 

Iñigo Gabiriak (Elorrio, 43 urte) Red Bullek urtero antolatzen duen X-Alps lasterketan parte hartuko du. Berea izan da edari marka austriarrak mundu osoan gonbidatu duen 32 taldeetako bat; Espainiar estatu osotik bakarra. Gabiriak Xabi Amorrortu elorriarraren (logistika arloa) eta Iñigo Arizaga eibartarraren (metereologian aditua eta parapentelaria) laguntza izango du.

 

Lasterketa uztailaren 7an hasiko da Salzburgon (Austria), eta 1.031 kilometroko ibilbidean Alpeak zeharkatu ondoren, Monakon amaituko da. Pare bat aste inguru iraun dezake abenturak. Baldintza klimatikoek ahalbidetzen duten guztietan, Gabiria parapentean ibiliko da zortzi ordu iraun dezaketen txandetan, eta 4.000 metro inguruko garaieran. Eguraldiak laguntzen ez badu, korrika saiatuko dira kilometroak pilatzen. Antolatzaileek ibilbidean ipinitako baliza edo kontrol guneak Mont Blanc eta Cervino lako mendi ezagun eta garaietan egon daitezke. Jardunaldi bakoitzak 17 ordu eta erdi iraungo du: 05:00etatik 22:30era. \"\"

 

X-Alps parapenteko lasterketen munduan “jomugarik gorena da” Gabiriaren arabera: “Honen gainetik ez dago ezer”. Helburua “hamar onenen artean” geratzea du edo “gutxienez, kanporatuta ez geratzea”. Izan ere, uztailaren 19tik aurrera, bi egunik behin, azken doana kanporatu egingo dute.

 

Ia 20.000 euroko aurrekontua batu behar izan du Red Bullen gonbidapena baliatzeko: “esker oneko nago Elorrioko Udalari eta Euskadiko Federazioari”.

 

Lasterketa mediatikoa

Parte-hartzaile denek bilagailu bat izango dute, eta Internet bidez zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa. Iaz, egunero milioi bat lagunek jarraitu zuten zuzenean. Gabiriak webgune bat sortu du egunero bere ibilerak kontatzeko: www.xalps-basqueteam.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!