Umeentzako antzezlan bat prestatu du Elorrioko Arrapaladan taldeak, lehenengoz

Anboto 2013ko eka. 14a, 08:45
\'ZapAAAta bila?\' obraren hiru emanaldi eskainiko dituzte asteburuan, Elorrioko San Jose ermitan

\'ZapAAAta bila?\' obraren hiru emanaldi eskainiko dituzte asteburuan, Elorrioko San Jose ermitan.

 

Bihar, eta domekan, goizean eta arratsaldean eskainiko dute Elorrioko Arrapaladan antzerki taldekoek ZapAAAta bila?! antzezlana. Hiru eta zazpi urte bitarteko umeentzat pentsaturiko lana da bost antzerkizaleok prestatu duten hau.

 

Bihar, 18:30ean, eta domekan, 12:30ean eta 18:30ean estreinatuko dute antzezlana, Elorrion. San Jose ermitan eskainiko dituzte emanaldi guztiak, eta bertan dabiltza asteon, Sonia Villamor zuzendariagaz, obrari azken ukituak ematen. San Jose ermita kultur emankizunetarako erabili gura du udalak aurrerantzean; asteburuan probatuko dute espazioa lehenengoz.

 

Ume bihurri batentzako zapata handi eta gogor batzuen bila herriko zapatariak eta Askodaki izeneko sorgin jakintsuak munduan zehar egiten duten bidaia eta bizi dituzten abenturak dira antzezlanaren istorioak.

 

Umeentzako hainbat ipuin irakurri eta begiratu ostean, taldekideek eurek moldatu dute “oso istorio polita kontatzen duen” antzezlanaren testua. Ume txiki-txikiei zuzenduriko 40 minutuko obra da emaitza: ZapAAAta bila?!.

 

Arrapaladan antzerki taldeko bost kideak dira obraren aktoreak: Blanki Gomez, Maite García, Maria Herrero, Maritzi Baseta eta Karmele Ganboa.

 

Duela hamar urte, ikastaro bati esker gerturatu ziren antzerkira, eta hainbat lagunen sartu- irtenen ostean, elkarregaz zaletasun horregaz jarraitzen dute 43 eta 56 urte bitarteko Elorrioko emakume antzerkizaleok: eurak dira Arrapaladan.

 

 


Ikusleen interesari eutsi ahal izateko, hainbat teknika


Itzalak, soinuak, eta objektuak ere baliatzen dituzte.

 

Antzerkiko hainbat teknikarekin jolastuta osatu dute taldekideek bihar estreinatuko duten obra: “Ez da bakarrik antzeztea, baliabide desberdinekin jolastea baizik: itzalekin, soinuekin, objektuekin...”, azaldu dute taldekideek. Teknika horiek guztiak baliatuta, “umeen interesari eustea” dute helburu.

 

Elorrion bizi den Sonia Villamor bilbotarraren zuzendaritzagaz jardun dute entseguetan teknika horiek lantzen. Hiru hilabetez ibili dira lanean Arrapaladan taldekoak ZapAAAta bila? antzezlana prestatzen.

 

Herriko ekitaldietan

Orain hamarkada bat Elorrioko antzerki ikastaroan hasi zirenetik, askotariko antzezlanak oholtzaratu dituzte Arrapaladan taldekoek euren herrian: aurkezpenak egiten dituzte esketxekin, urtero parte hartzen dute Arriolako 24 Ordu Digitalean film laburren lehiaketaren sari banaketa ekitaldian, edota merkatarien elkartearen ekitaldian.

 

Taldean hasi eta lasterrera gaztetxeetan eskaini zuten Erosi, erosi obra prestatu zutela gogoratu dute taldekideek. Lehenengo aldiz prestatu dute umeei zuzenduriko obra bat.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!