Iurretan hasi eta amaituko den lasterketa Elorrioko galtzada bitan sartuko da.
Gaur IV. Bizkaikoloreak Klasika lehiatuko dute Durangaldean. Aurten, Euskadiko txapelak egongo dira jokoan kadete, junior zein elite mailetan.
Lasterketa Iurretan hasi eta amaituko da. Kadeteek 44 kilometroko ibibideari aurre egingo diote 14:30etik aurrera. Elite mailakoek 16:15ean hasiko dute lasterketa, eta Eubara joan-etorria egin eta Iurretara itzultzen direnean (19. kilometroan) junior mailakoak batuko zaizkie Traña-Matienara bidean. Handik, Apatara eta Elorriora joango dira. Elorrion dago aurtengo nobedade nagusia. Urtero zeharkatzen duten San Agustingo galtzadari (400 bat metro) beste bat gehitu die aurten Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Elkarteak, hain zuzen, kanposantu inguruan dagoena (200 bat metro). Junior eta elite mailakoak itzuli bi emango dizkiote zirkuituari eta, beraz, birritan zeharkatu dituzte galtzadak. Handik helmugara 10 kilometro eskas geratuko direnez, faboritoak galtzadetan saiatuko dira erritmoa bizitu eta tropela apurtzen. Oso garrantzitsua izango da galtzadetara sartu aurreko kokapena.
Durangaldeko taldeei dagokienez, CAF Engineering taldeko Ziortza Isasi eta Ainara Sanz juniorrek aurrean ibiltzeko aukerak dituzte. Bizkaia-Durangok elite mailako “talde indartsua” ekarriko du Jon Elorriaga zuzendariaren berbetan, eta Euskadiko Txapelketa irabaztea dute helburu. Ane Santesteban, Dorleta Eskamendi, Anna Sanchis… Denak dira sasoian dauden txirrindulariak. Okerrena da, ez direla esprinterrak.
Adrian Sainz lider
Bestalde, Beste Alde Orue Eskolako Adrian Sainz ‘Pipas’ txapelketako lider ipini zen joan zen asteburuan Urduñan hirugarren amaituta. Beraz, datorren asteburuan maillot horiagaz irtengo da Karrantzako lasterketan.