Federaziorako hauteskunde prozesua asteon ireki dute. Fernando Azkarate pilotari ohi elorriarrak bere hautagaitza, lan-taldea eta helburuak azaltzeko aurkezpen ekitaldia egingo du barikuan, 12:00etan, Durangoko Kurutziaga Hotelean.
Azkarate presidentegaiak pilotaren munduan esperientzia zabala duten lagunak izango ditu bere taldean: Garbiñe Usarralde eta Unai Alzibar presidenteordetzarako, J.A. Iñurrigarro, Jesus Perez, Josu Oleaga, Jonny Amboage, Kepa Arroitajauregi… ‘Euskal pilota bideratuz’ lelopean, “gizarte modernoak planteatzen dituen erronkei eraginkortasunez erantzuteko federazioa eraiki gura dugu”, azaldu dute prentsa ohar bidez: “Lurraldekako federazioekin proiektu ilusionanteak sustatuko dituen korronte bat sortuz joan da pilotaren baitan. Sinetsita gaude modu koordinatuan, proiektu amankomunak diseinatuz, indarrak batuz eta gaur egun dauden errekurtsoak arrazionalizatuz erronkei erantzun dakiekela”. Kurutziaga Hoteleko aurkezpenean emango dituzte xehetasun guztiak.