Elorrioko Buskantza Hirugarren mailara igo da

Anboto 2013ko api. 23a, 12:10

Arabako EHUri 4-5 irabazi zioten domekan. Elorrioko Buskantza klubean igoera lortzen duen bigarren taldea da Elorrioko C-k Lehenengo erregionalera igoera lortu zuelako orain aste gutxi.

Arabako EHUri 4-5 irabazi zioten domekan. Elorrioko Buskantza klubean igoera lortzen duen bigarren taldea da Elorrioko C-k Lehenengo erregionalera igoera lortu zuelako orain aste gutxi. 

 

Hirugarren mailan Mallabiak utziko duen hutsunea Elorrioko Buskantza-Parra Tabernak beteko du datorren denboraldian. Sasikoa ere igotzeko borrokan dabil eta baliteke Durangoko areto futbol taldea ere Elorriokori batzea datorren denboraldiari begira.

 

Elorrioko Buskantza-Parra Taberna iaz Euskal ligara jaitsi zen, eta Iker Saenz de la Cuesta entrenatzailearen gidaritzagaz, jaitsi eta hurrengo urtean lortu dute Hirugarren mailara bueltatzea.  Domekan, Gasteizen, azken unera arte borrokatu behar izan zuten garaipena eskuratzeko. Markagailuan 1-3 aurreratu ondoren “argiak itzali zitzaizkigun eta baloiak erraz galtzen hasi ginen”, adierazi du de la Cuestak. Horrela, Arabako EHUk buelta eman zion markagailuari (4-3). Ondoren, elorriarrak berriro zentratu ziren eta partidua amaitzeko minutu biren faltan lortu zuten markagailua berriro euren aldera ekartzea (4-5). Partidua domekan zenez ezin izan zuten igoera nahi moduan ospatu. Asteburuan hasiko diren Traña-Matienako jaietan ospatuko dute behar den moduan.

 

Taldeak urte osoan erakutsitako konpromisoa da igoera lortu izanaren gakoa: “Jokalarietan aldaketa batzuk eman dira aurten, baina ez asko. Lan egiteko modua da aldatu duguna. Entrenatzaile berriagaz gogotsu ibili dira. Talde oso konprometitua izan dut partiduetan zein entrenamenduetan”. Orain, denboraldia amaitu bitartean helburu berri bat dute: lider moduan igotzea. Puntu bat goitik dute Uxoa taldea.

 

Horrela, Elorrioko Buskantzako talde bi igo dira orain arte. Talde nagusia eta orain aste gutxi Bigarren erregionaletik Lehenengo erregionalerako igoera lortu zuen Elorrioko Buskantza C. Baina oraindik ikusteke dago Elorrioko Ck mailaz igotzeko modua izango duen edo ez. Izan ere, Lehenengo Erregionalean Elorrioko Bk jokatzen du. Hauek ere Maila gorenera igotzeko aukerak dituzte. Puntu bira dituzte igoera postuak. Igoera lortzen badute Elorrioko talde biak igoko dira. Lortu ezik, Elorrioko C-k Bigarren erregionalean jarraitu beharko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!