Bizkaiko Aldundiko liburutegiaren hemerotekan batutako materiala du apirilean Elorrioko Iturri kultur etxean ikusgai egongo den erakusketak.
Bizkaiko prentsako antzinako iragarkien bilduma da erakusketakoa. Bilboko egunkari eta aldizkarietan XIX. mendearen erdialdetik 1939 urtera bitartean argitaraturiko publizitate-iragarkien aukeraketa bat da. Iraganeko bizimoduak eta orduko kontsumo-joerak ezagutzeko modua eskaintzen du, besteak beste, bildumak: “Irudi, logotipo, mezu eta testu horiek XIX. mendearen bigarren erdialdeko eta XX. mendearen lehen hereneko egoera sozial eta politikoaren isla dira”. Arratsaldez egongo da erakusketa zabalik, Elorrioko Iturri kultur etxean.