Baserrien marrazkien erakusketa ipini du Enrique Larramendik (Elorrio, 1951) Elgetako kafe antzokian.
Zer ibilbide egin duzu margogintzan?
Umetatik eduki dut afizioa. Gure ume sasoian koadernoa eta arkatza izaten ziren jolasak. Bederatzi-hamar urterekin, birritan irabazi nuen marrazketa saria, eta gero, lanean ere baliatu izan dut marrazketa lineala: planoak egiteko, perspektibak ateratzeko, oso esku ona eduki dut beti. Oso gogoko dut marraztea.
Bizitza guztia eman duzu, beraz, margotzen?
Bai, baina azkenaldian gehiago margotzen dut. Ezkondu nintzenean, egun batean emazteak esan zidan: Bilbora joan behar dugu koadro batzuk erostera. Hainbeste diru ordaindu beharrean, “neuk egingo dizkizut koadrook” esan nion emazteari. Eta olio-pinturagaz hasi nintzen: 50 koadro inguru egin nituen ezkonberri sasoi hartan.
Non dauzkazu hainbeste urtean egindako koadro guztiak?
Nire etxean, asko. Momentu batean, baina, horma guztiak bete genituen, eta familia eta lagunen etxeetan ere beste horrenbeste koadro dauzkagu orain.
Argazkietatik abiatuta egiten dituzu koadroak, ezta?
Bai, argazkia egiten diot etxeari, eta proportzioak mantenduta nahi dudan neurrira eroaten dut. Plumillagaz eta errotuladore oso finagaz ibiltzen naiz.
Elgetako erakusketa honen aurretik besteren bat egiteko aukerarik eduki duzu?
Bai, hainbat lekutan ipini izan dut erakusketa: Elorrioko Argiñeta auzoko jaietan ipini nuen lehenengoa. Bertakoa naiz. Jendeak dezente estimatu zituen lehenengo hartan nire koadroak, eta horrek animatu egin ninduen. Gero, Elorrioko Errekakaleko jaietan ere ipini nuen astebetez erakusketa, eta Gazetako jaietan eta Abadiñoko San Blasetan ere bai.
Non ipini zenuen San Blasetan erakusketa?
Koadroak azokako erakusmahai horietako batean ipintzea zen lagun baten eta nire asmoa, baina ez genuen baimenik lortu. Amorerik eman ez, eta erakusketa elizpean ipintzea bururatu zitzaigun. Jende asko hurreratu zen lana ikustera, galdetzera, interesa agertzera: oso polita izan zen.
Enkarguak egiten dituzu, ezta?
Bai. Jende askok eduki gura izaten du bere etxearen edo familiako baserriaren marrazkia.
Zenbat denbora ematen duzu lan bakoitzagaz?
Lan batzuk egun batean egiten ditut, baina badaude beste batzuk bi egunetan ere ez ditudanak amaitzen... Badaude lan batzuk askoz zehatzagoak direnak, eta dedikazio askoz handiagoa eskatzen dutenak.
Proportzioak zehatz-mehatz mantenduta egiten ditu Enrique Larramendik etxeen eta baserrien marrazkiak: 13x11 neurriko argazkia koadroaren tamainara egokitzen du. Koadernoa, arkatza, errotuladorea, kartaboia eta erregelak dira bere lanabesak. Ondoren, enkargua egin duenaren gustuaren arabera erabakitzen du kolorea eman edo ez. Elgetako kafe antzokiko erakusketan, zuri-beltzekoak eta koloreko koadroak daude; Abadiño, Elgeta eta Elorrioko baserrien marrazkiak. Hain zuzen, bere herriko baserri guztiak margotzea da Larramendiren asmoa. |