"Kontsumitzeko beste era batzuk daudela erakusten diegu umeei"

Anboto 2013ko api. 12a, 08:48

Errekakaleko jaien amaiera. Domeka goiza. Kaleak bete-bete eginda bigarren eskuko merkatuan. Luis Blasco aurrera eta atzera ibili zen antolaketa lanetan. Birziklapen arloan murgilduta ibili da urteetan. Gaur egun, familiak lagunduta, truke azoketan parte hartzen du Bizkaia osoan barrena

Errekakaleko jaien amaiera. Domeka goiza. Kaleak bete-bete eginda bigarren eskuko merkatuan. Luis Blasco aurrera eta atzera ibili zen antolaketa lanetan. Birziklapen arloan murgilduta ibili da urteetan. Gaur egun, familiak lagunduta, truke azoketan parte hartzen du Bizkaia osoan barrena.

 

Domekan, 165 postu ipini zenituzten azokan. Arrakasta, ezta?

Bai. Gainera, Elorrioko dendek outleta ipini zuten, eta baserritarrak eta bertako artisau batzuk ere animatu ziren. Salmentak ez doaz ondo arlo denetan, eta eskatu egin zuten parte hartzea. Euria egin izan balu, ez dakit zer egingo genukeen!

 

Noiztik zabiltza halako merkatuetan parte hartzen?

Orain dela lau urte hasi ginen. Gauza gutxigaz: ume batek jostailu bi, besteak beste bi, eta nik motxilan gauzatxo batzuk sartu eta truke merkatuetara joaten ginen. Orain material pilo bat daukat sotoan! Merkatura joan, eta gero herrian buelta bat emateko ohitura daukagu, turismo apur bat egiteko plana izaten da.

 

Zuen postuan saldu edo trukatzeko aukera ematen duzue...

Saldu, trukatu edo borondatea emateko aukera ematen dugu. Domekan, itsulapiko bat ipini genuen postuan, liburuen truke borondatea emateko, eta kuriosoa, 98 euro batu genituen! Hamabi truke egin genituen, eta postuan seme-alabak egon zirenez, dirua erdi bana egin dute. Umeei kontsumitzeko beste eredu batzuk daudela erakusteko balio du merkatuak.

 

Bizkaitik asko mugitzen zarete.

Bai, eta geroago eta gehiago antolatzen dira horrelakoak. Batzuk ekologiagatik, beste batzuk merkataritza sustatzeko, Urduñan, turismo bulegoak antolatzen du... Mungian egoten da handiena, 300 postu ingurukoa.

 

Durangaldean badago mugimendurik, ezta?

Elorrion, postuen %85 durangaldekoak ziren. Ekimenak egin dira, eta holakoetan egindako harremanetatik etorri da jendea. Atxondon egin zuten, Abadiñon ere bai, Berrizen ere... Durangon, hilaren 27an egingo dute Murueta-Torren, eta Zaldibarren ere antolatzekotan dira.

 

Zure ustez, egoera ekonomikoagatik da?

Geroago eta premia handiagoa dago, langabezia handiagoa... Apurka-apurka aldatzen doa mentalitatea. Trukea ez da orain asmatutako zerbait. Gure etxean ere, ni erdiko semea izanda, nagusiaren arropa berrerabili dut. Errege egun batean, aitak anaiari txiki geratutako bizikleta margotu zuen niri oparitzeko. Lehen horrelako kontuak egiten ziren. Oparoaldia egon denean aldatu dira horiek kontuok. Bizkaian badabiltza kooperatibak bigarren eskuko gauzekin lanean: Caritasen Koopera, Emaus, Remar...

 

Zein da egin duzun trukerik bereziena? Pello okindegian dagoen San Balentinen figura?

Kanposantu ostean topatu nuen, kontainer batean. 150 euroan ipini eta merkatu askotara eroan nuen. Okindegikoak interesa zeukan, eta azkenean lau hilerako ogiaren truke aldatu nion. Egunero ogi bi hartzen nituen, eta han apuntatzen zuen, -2 euro. Lagun batzuei emateko San Balentinen erlikiak hartu nituen, hantxe apuntatu zuen. -18... Lau hilean kontu librea eduki nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!