"Elorriarrak euren herria maitatu duten jendea izan dira"

Anboto 2013ko api. 4a, 11:15

Elorriok sorreran izan zuen harresitik ate bat mantendu da zutunik. Haren alboan hasi ditu Aste Santuko bisita gidatuak Ane Solozabalek, eta hantxe erantzun ditu elkarrizketako galderak. Asteburu honetan ere bere herriko historia kontatzen jardungo du. Apirilaren 6n eta 7an irtengo dute udaletxetik, 11:00etan

Elorriok sorreran izan zuen harresitik ate bat mantendu da zutunik. Haren alboan hasi ditu Aste Santuko bisita gidatuak Ane Solozabalek, eta hantxe erantzun ditu elkarrizketako galderak. Asteburu honetan ere bere herriko historia kontatzen jardungo du. Apirilaren 6n eta 7an irtengo dute udaletxetik, 11:00etan.

 

Zelan ba historialari?

Beti gustatu izan zait, eskolatik. Historia ikasten hastean, ingurukoek beti esaten dizute: zelan sartuko zara horrelako karrera batean, ez dauka etorkizunik... Baina borroka egin nuen, eta asko disfrutatu nuen karreran. Egia esan, bokazioa behar da sartzeko. Ikerketarako nahia eduki behar duzu, zure buruari galderak egin, gehiago irakurri, besteari galdetu, hura begiratu... Detektibe mundu bat ematen du. Erdi Aroa gustatzen zait niri gehien, eta garai iluna eman arren, argi asko dauka; arkeologia erantzun asko ematen hasi da. Gainera, Elorrio Erdi Aroko kontuez beteta dago...

 

Zelan sentitzen zara zure herrian bertan gida izaten?

2008an hasi nintzen bisitak egiten, eta oso gustura nabil. Herrikoa izanda, beste modu batean gozatzen duzu; zurea dena erakusten duzu, zure etxea izango balitz moduan. Ez duzu historia hori bizi izan, baina zurea da, bertan mugitu zarelako txikitatik. Segurtasun handiagoa duzu, gauzak ezagutu egiten dituzulako. Bisitetan hainbat gai landu ditugu, eta asko ikasi dut. Zenita Berdea bisita egin genuenean, adibidez, asko ikasi nuen auzokoei galdetzen. Gauza asko ez daude idatzita. Argiñetan, arkeologoen zalantza bat kontatu eta auzokideek informazioa ematen laguntzen dute, entzun dutelako historia. Iturri ona dira, eta ez dago idatzita.

 

Denboran atzera egiteko makina bat edukiko bazenu, zer garaitan lur hartuko zenuke?

Argiñetan bizi zen komunitate horretara heltzea gustatuko litzaidake. Jakinmin handia daukat. Orain, arkeologoak laborategian dabiltza lanean, eta dena hipotesiak dira; epe luzeko ikerketa da, eta zer aterako duten jakiteko irrikan nago.

 

Bisitetan kontatzen dituzunetik, zerk harritu zaitu gehien?

Basilikan zer sekretu dagoen ikustea, ezkutuan gauza asko ditu. Asko harritzen nau, baita, nekazaritzatik bizimodua atera ezin zuen herri batean, zelan egin zuten familia batzuek saltoa: merkataritzan sartu eta diru asko lortu zuten. Gero, herrian inbertitu zuten, jauregiak-eta eginda. Elorriarrak euren herria maite duen jendea dira, dena delakoagatik; ohoreagatik, euren itxura mantentzeko... Momentu batean arriskatu egiten dute, eta gero herria daukate gogoan denbora guztian. Ez dute herriagaz eteten.

 

Elorriarrek badute halako fama...

Esaten dute harrotasun aldetik oso haziak garela. Ba bai, historian herriarenganako lotura hori ikusi da...

 

Durangogaz ika-mikak edukitzearena ere ez da atzo goizekoa...

Aspaldi ere egon ziren horrelako kontuak, bai. Kontatzen da zelan etorri zen durangar bat lapurretan. Elizan babestu zen, baina herritarrak sartu ziren, alkatea eta guzti. Bertan akabatu zuten, eta zintzilikatu egin zuten gero. Antza, aspalditik dator. XVI-XVII.mendeetan ere, Elorrion diru asko egon zen, eta Durangogaz ekonomia arloan ere egongo zen ika-mikarik.

 

Historiako zer misterio jakin gurako zenuke?

Argiñetan eta herriaren sorreran zelan bizi ziren, zer pentsamendu zuten, zelan ikusten zuten mundua... Jakin gura nuke zelakoak izan ziren auzoko giroa eta baserriak sortzeko saltoa, kristautasuna zelan sartu zen, euskara zelakoa zen... Arkeologiak ezin du esan zelan egiten zuten berba!

 

Elorriar askok parte hartzen dute bisitan?

Bai, eta oso parte-hartzaileak dira, gainera. Hori bai, esango nieke, euskarazko bisitetara animatzeko! Jendeari beldurra ematen dio. Agian, ohituago gaude berba teknikoak gaztelaniaz entzutera. Kaleko hizkuntza erabiltzen dut, denek ulertzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!