Musika klasikoko ume prodijioez gogoeta, Hilean Behin zikloan

Anboto 2013ko api. 10a, 08:59

\'I am not a rock star\' dokumentala eskainiko dute apirilaren 11n, Elorrion

‘I am not a rock star’ dokumentala eskainiko dute apirilaren 11n, Elorrion.

 

I am not a rock star dokumentala eskainiko dute, Hilean Behin zikloaren barruan, Elorrioko Iturri kultur etxean. Kanadan ekoitziriko lana da, Bobbi Jo Hart zuzendariarena. Lan musikala da, eta musikari buruzkoa. Apirilaren 11n emango dute, 19:30ean.

 

Pianoa jotzeko gaitasun berezia daukan Marika Bournaki musikari kanadiarra da dokumentalaren protagonista. Hamabi urte zituenean hasi eta hogei urte zituenera arteko musikariaren hazkuntza dokumentatzen du I am not a rock star filmak: talentu handiko umea zelan bilakatzen den pertsona eta musikari heldu erakusten du lanak.

 

Bere identitatearen bila dihardu Marika Bournakik, eta musikarekiko gura duen harremanak darama, izenburuak dioen moduan, bera ez dela rockaren izar bat ondorioztatzera. Musika klasikoari begiratzen dio apirilean Elorrioko Iturri kultur etxean emango duten dokumental honek: talentuak, sakrifizioak, eta grinak zelan eragiten dieten alor horretan diharduten musikariei erakusten du, besteak beste.

 

Bournakik gurasoen partetik jasaten duen presioa ere islatzen du: umetan ibilbide profesional arrakastatsu bat abiatzea zelan izan daitekeen kaltegarria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!