Bildu: "Non hago? Zer larretan... udaleko auzo kontseilua?"

Anboto 2013ko mar. 18a, 14:25

Ia legegintzaldi erdia egin dugu eta, hala ere, ez dago inolako berririk udalaren organo aholkularia den Auzo Kontseiluari buruz.

Ia legegintzaldi erdia egin dugu eta, hala ere, ez dago inolako berririk udalaren organo aholkularia den Auzo Kontseiluari buruz.


Hauteskundeak pasa eta 2011ko irailean, auzo alkate berriak izendatu ziren. Ordutik hona, Auzo Kontseiluaren deialdi bakarra egin da, nahiz eta ordenantzak esaten duen hiru hilabetetik behin batu behar dela.


Gobernu taldeak dio, ez dagoela gairik tratatzeko, eta argudio ziztrin eta merke horrekin ordenantzari muzin egiten diote, aurpegia gorritu ere egin gabe. Auzotarrek badituzte arazoak, kezkak eta eztabaida gaiak... Baina nola azaldu horiek guztiak deialdirik ez badago?


Gaiak egon dira eta badaude, eta gobernu taldeak ondotxo daki hori: egin beharreko bide konponketak adostu, auzotaxiaren nondik norakoak argitu, auzoetako jaiak prestatu, aurrekontuak egiteko proposamenak jaso, behin betiko aurrekontuak azaldu, etab.


Auzo Kontseilua organo aholkularia den heinean, auzotarrei galdetu beharko litzaieke zer iritzi duten hainbat gairi buruz: 2013rako egin nahi den Naturbidea proiektuaren atalaz, auzoetako seinaletikaz, aurtengo bide konpontze programaz, bide bazterren garbiketari buruzko balorazioaz, 2013rako esleipenaz, eta beste hainbat gairi buruz... Inork ez die ez informaziorik eman, ez kontsultarik egin, ez galdetu.


Eta guk susmo txarra hartzen diogu horri. Badirudi gobernu taldeari ez zaiola larregi ardura inaktibitate egoera hau, are gehiago esango genuke; organo aholkulari hau desagertzen uzten ari diren susmoa dugu. Zertarako dira auzo alkateak? Argiak aldatu behar direla parte emateko?


Bilduko zinegotziok badakigu auzoetan dinamikak egoteak eta auzotarrekin hartu-emon zuzenak izateak herriari onurak ekartzen dizkiotela, eta gobernu taldeak, dinamika hauek egon daitezen sustatu behar du. Ez da hain zaila. Auzo alkateak eta kontseilua tresna ezin hobeak dira horretarako. Baina denok dakigu tresnak, erabili ezean, ugertu egiten direla.


Horregatik, EAJri lehenbailehen eskatzen diogu Auzo Kontseilua batu dezan, eta egiten ari ez den lanari ekin diezaion. Erraza baita promesak ereitea, baina ereindakoa loratu eta fruituak jasotzeko beharrezkoa da lurra ondo prestatzea, ongarritzea, eta noizean behin ureztatu, arnasa eman eta belar txarrak mehastea... Jorratu, lurra jorratu beharra dago.

 

Xabier Orbegozo (Elorrioko Bilduko zinegotzia)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!