Felix Anaut artistaren pintura abstraktua, Iturri kultur etxean

Anboto 2013ko ots. 20a, 12:56

Asteon inauguratu dute Zaragozan jaiotako artistaren erakusketa, Iturri kultur etxean

Asteon inauguratu dute Zaragozan jaiotako artistaren erakusketa, Iturri kultur etxean.

 

Frantzian bizi eta Irlanda zein Espainiako tailerretan ere lan egiten du Felix Anaut Zaragozako artistak, baina Europa osoko aretoetan erakusten du bere lana. Aste honetan inauguratu dute Elorrioko Iturri kultur etxean bere erakusketa: BBK Fundazioak eta Elorrioko Udalak elkarlanean ekarri dute bilduma Elorriora.

 

\"\"Madrilen eta Parisen ikasitakoa da Anaut. Pintura abstraktura 80ko hamarkadan hurreratu zen, eta kaligrafia arabiarra inspirazio iturritzat hartuta jardun izan du. Hainbat herrialdetan garatu du margogintzako bere ibilbidea, eta besteak beste, Belfasten arte garaikideko galeria bat zabaldu zuen 80ko hamarkadan. Era berean, nabarmentzekoa da bere lanetariko batzuk Britaniar Museoan ere ikusgai daudela.

 

Natura, geometria, zientzia, artearen historia zein ortografia baliatu ditu Felix Anautek erakusketa honetako lanak egiteko, eta euskarri bitan jardun du: paper zein oihal gainean egindako lanak dira bildumakoak, hain zuzen. 90eko hamarkadatik aurrera, lanaldi osoz dihardu Felix Anautek sorkuntza lanetan. Azken urteetan, pintura figuratibo indartsua jorratu du gehienbat; baina, gaur egun, abstraktua eta figuratiboagoa uztartzen ditu.

 

Zaragozan jaio zen, 1944an, Felix Anaut, eta margolanak ez ezik, zeramika eta eskultura ere jorratu izan ditu. Egun osoz eta doako sarreragaz dago Felix Anauten erakusketa ikusgai, Elorrio Iturri kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!