Maila gorenean talde bat igoko da, eta Elorrioko taldea bigarren dago, liderrarengandik 1,5 puntura. Gaur, etxean, Sestao azken sailkatuari irabazten eta Rey Ardidi presioa sartzen saiatuko da.
Euskadiko eta Bizkaiko kluben arteko xake liga bigarren itzulian sartu berri denean, Elorrioko Zaldi Baltza da indartsuen dabilen Durangaldeko taldea. Denboraldi hasieran mailari eustea zuten helburu, baina mailaz igotzeko aukera garbiekin heldu dira bide erdira. Maila gorenean garesti dago igoera. Alde batetik, talde bakarra igoko da. Bestetik, puntu eta erdiaren barruan daude bost talde.
Beraz, Zaldi Baltzak Rey Ardid liderrean du begi bat, eta atzetik orpoz orpo dituzten aurkarietan bestea. Hain liga estuan, puntuak batzeko edozein aukera ahalik eta gehien aprobetxatu beharra dago. Gaur, Sestao azken sailkatuak bisitatuko du Elorrioko kirol etxea, eta helburua ez da irabaztea bakarrik. Ahal den punturik gehien batzen saiatu behar dira, Rey Ardidi presioa egiteko eta atzekoekiko aldea areagotzeko. Esatea errazagoa da egitea baino: “Sestao azkenengo dago, baina gure ligan parekotasun handia ikusten dugu. Edozein talde da ezustekoa emateko kapaz. Kontzentrazio osoz jokatu beharko dugu”, adierazi du Aitor Arabiotorre Zaldi Baltzako xakelariak.
Elorrioko taldea maila denetan dabil fin. Zaldi Baltza B bigarren erregionaleko lider dago, eta puntu biko aldea du Gurutzeta eta Zornotza Brekiko. Alde polita da, baina ez lo hartzeko modukoa.
Abadiño, taularen erdian
Abadiño da Durangaldean mailarik altuena duen xake taldea. Lehenengo mailan gorengoen borrokan egotea dute helburu, eta momentuz aurreikuspenak ez dituzte bete. Hamar taldeko ligan seigarren postuan daude, eta nahiko urrun dituzte igoera postuak. Azkenik, Durangoko Larrasoloeta sailkapenaren erdian dago, lehenengo erregionalean.