Gaur joko du Lisabok Elorrioko Arriolan. Bira amaierako kontzertu bat da.
Inoren Ero Ni, Hotel eta Anari taldeekin 2006an sortu zuten Bidehuts autogestio eta sormen librerako kolektiboagaz 2011ko udazkenean kaleratu zuen Animalia lotsatuen putzua diskoa Lisabok.
Disko horren aurkezpen birako azken kontzertuak eskaintzen dihardu Irungo seikoteak, eta Elorrioko Arriolan eskainiko dute azken kontzertuetako bat, gaur, Elorrioko Arriolan.
Joan den asteburuan Castelló eta Bartzelonan jo du Lisabok, eta oso harrera beroa egin die bertako entzulegoak. Elorrioko otsailaren 16ko emanaldiaren ostean, martxoan Madrilen eta Donostian, eta apirilean Zarautzen eta Bilbon eskainiko dituzte emanaldiak.
Apirilaren 13an, Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuagaz emango dute Animalia lotsatuen putzua diskoaren bira amaitutzat. Hamabost urte daramatza talde gipuzkoar horrek rock, post-hardcore eta noise doinuak lantzen eta zaleei disko zein kontzertuetan eskaintzen. Ibilbide horretan, 1999an taldearen izenagaz kaleratu zuten lehenengo diskoaren ostean, beste bost atera dituzte. Karlos Osinaga, Javi Manterola, Iban Zabalegi, Eneko Aranzasti, Xabi Zabala eta Joseba Ponce, Lisabo, zuzenean entzuteko aukera aproposa da Elorrioko antzokiko gaurkoa.