Orratza eta ditarea hartuta, hainbat mozorro egindakoak dira Ana Zarate eta Pepi Gonzalez. Inauteri zaleak biak, jostun lanetan pozik ibiltzen dira, nahiz eta batzuetan lan asko eduki. Tarteka bezeroren baten bisita jaso duten bitartean, inauterietan mozorroa prestatzeko ohiturak aldatu egin direla azaldu dute.
Zelan doa astea?
Ana Zarate: Lanpetuta, urtero bezala. Lehen baino oihal gutxiago saltzen dugu adibidez, baina lana, beti. Goiko eskolatik eskatutako arropekin edukitzen dugu lan gehien urtero. Gelaka gai bat jartzen diete, eta guraso asko guregana etortzen dira, jantziak egiteko.
Noiz hasten da jendea mugitzen?
A. Z.: Ui, azken orduan! Aste bi arinago hasiko ziren lehenengoak. Asteon etorri den jendeari ezetz esan behar izan diogu, ez duelako astirik ematen.
Urteotan gauzak aldatu diren igarri duzue?
Pepi Gonzalez: Bai. Lehen jendeari berdin zitzaion jostea, edo grapekin, supergenekin edo zinta isolatzaileagaz oihalak lotzea. Oihal asko saltzen genuen, eta koadrila asko etortzen ziren. Orain, aldatu egin da kontua; gaztetxoek Interneten begiratu eta txinoetara joateko ohitura hartu dute. Uste dut krisiagatik baino gehiago ohitura kontuengatik dela. Azken finean, egindako arropak ez dira hain merkeak, eta kalitate eskasa daukate.
Oraindik egongo da bere mozorroa egiten duenik.
P.G.: Bai, jendeari artisau lanak gustatzen zaizkio, eta asko pentsatzen du. Guk beharleku handia hartzen dugu, baina inauteriak asko gustatzen zaizkigulako da hori.
Inauteri zaleak zarete?
P. G. : Niri asko-asko gustatzen zaizkit. Ez dut uste martitzen karnabal baten inoiz jantzi barik geratu naizenik. Ezingo banu, niretzako trauma lakoa izango zen. Azken urteotan merkatari elkartekook gai bat hartzen dugu gainera... Oraindik arropa egin barik daukat...
A. Z.: Ni ere ez naiz hasi. Inoiz merkatarien bazkarira 4ak jota heldu gara, arropa amaitzen egon garelako. Txinatar arroz biltzailez jantziko gara aurten. Bazkaria eta parranda egiten dugu gero.
Egindako mozorro bereziren bat badaukazue gogoan?
A. Z.: Saguzaharren mozorro batzugaz esperientzia berezi bat izan genuen...
P. G. : Goizaldeko lauretan, zer josten genuen ere ez genekiela egon ginelako...
A. Z.: Hamaika traje egin behar genituen, eta barikuan goizaldeko lauretan konturatu ginen batek gona laburra zeukala. Berriro egiten hasi, eta azkenean lotuta zituen saguzaharrak jausi egin zitzaizkion...
Gaupasak ere egin dituzue?
A.Z.: Lehen gehiago. Saguzaharren urte hartan, Elvisen jantzi bat eta Aladinoren arropa egin behar genituen. Aladinoren txapel guztiak desberdinak egitea otu zitzaion Pepiri, eta astelehen arratsaldean lana amaitzen zebilen. Denda zabaldu orduko honek beherapenen lehen eguna ematen zuen! Atean ume guztiak kristala jotzen... Itzela izan zen! Orain ahalegintzen gara lanak azken momenturako ez uzten.