Otsailaren 15era arte, Elorrioko Iturri kultur etxean ikusgai ipini ditu Mohamed Moulud Yeslem artistak Saharari buruzko koadroak.
Zelan heldu zarete zu eta zure artelana Elorriora?
Saharako kanpamentuetan ezagutu nuen Gotzon Garaizabal artista, eta lagun egin ginen: eskoletan umeekin pintura lantzen ibili ginen. Horrela sortu zen erakusketa hau egiteko ideia, Lajwad elkartearen eta udalaren laguntzagaz. Irakasle saharauiak arte plastikoen alorrean formatzeko egitasmoa ere badaukagu buruan.
Zer moduz joan zen inaugurazio ekitaldia?
Oso gustura egon ginen: nire lanarekiko eta gure herriarekiko interes handia erakutsi zuen bertan batu zen jendeak.
Garrantzitsua da erakusketa hau bezalako ekimenak abiatzea?
Bai, oso. Sahara laguntzeko Euskal Herritik bidaltzen diren janari karabanak oso inportanteak diren bezala, laguntza humanitario horretaz gainera, Saharako herriaren alderdi kulturala laguntzea ere oso oso inportantea da. Izan ere, orain kanpamentuetan daukagun bizimodua ez da gure jatorrizko bizimodua. Egoerak derrigortu gaitu horrela bizitzera, eta oinarrizkoa dugu gure kultura ikertu eta berreskuratzeko lan egitea.
Zer helburu daukazu zure obragaz?
Gure herriak bizi duen egoerak sorturiko amorruak narama artea adierazpide bezala erabiltzera: nik ez dut inor hil nahi, eraiki egin nahi dut, bizitza eta alaitasuna landatu gura ditut, eta artea darabilt horretarako.
Zure obra beti dago zure herriagaz lotuta?
Bai, ia beti dago Sahararekin lotuta: bai gure kultura ezagutzera ematen duelako, bai eta gure arazoari buruz diharduelako. Baina hortik kanpo ere badihardut. Esaterako, udaberri arabiarrari dedikatu nion lan bat. Izan ere, uste dut udaberri arabiarraren hasiera Mendebaldeko Saharan gertatu zela.Tunezen baino bi hilabete lehenago hasi zen mugimendua Saharan, nahiz eta komunikabideetan ez zuen ezelako oihartzunik izan.
Kanpamentuetan jaio izanak ere eragiten dio zure obrari?
Saharan jaio nintzen arren, bi urte nituenetik bizi izan naiz kanpamentuetan. Kanpamentuetan ikasi nuen, eta jolasik ez geneukanez, geuk asmaturiko jolasekin jolastu nuen umetan bertan. Horrek ohitu gaitu umetatik sortu behar izatera: uste dut horrek umetatik burua zabaltzera eroan gaituela.
Margogintza ez ezik, bestelako arte adierazpideak ere lantzen dituzu, ezta?
Oinarrizko hezkuntza Saharan egin nuen arren, gero Kubara joan nintzen ikastera. Kubatik bueltan hasi nintzen bideo eta argazkigintzagaz ere esperimentatzen, eta hainbat dokumental sortu ditut horrela. Bestetik, Wilaya filman protagonistetako bat izan nintzen. Askotariko bideak lantzen gabiltza nazioarteari “nahikoa da!” esateko: basamortuan ahaztuta eduki gaitu nazioarteak 37 urtez, eta gure duintasuna aldarrikatzeko bagabiltza bideak bilatu, asmatu eta sortzen.
Sevillan utzi zituela hainbat koadro kontatu digu Mohamed Mouludek. Autobusean ekarri zituen bere koadroak Elorriora. “Nomada naiz”, dio, barrez. Urtebete baino gehiago darama Saharatik kanpo, bere herriari buruzko margo erakusketak han-hemen antolatzen. Leongo unibertsitatean dauka, Elorriokoaz gainera, beste erakusketa bat. Sahara bitan banatzen duen harresiari buruzkoa: “2.700 metroko harresiari buruzkoa, pertsonen kontrako 10 milioi minak inguratutakoa, eta 120.000 soldaduk zaintzen dutena”. “Hor gertatzen dena inork ez duela ezagutzen da arazoa”, dio Mouludek.
Horregatik darabil artea, “harresi horri gerra deklaratzeko, eta jendea gaiaz sentsibilizatzeko”. Harresi horretako mina bakoitzeko lore bat landatu gura du Mouludek harresi horri buruzko beste proiektu batean: 10 milioi lore landatu gura ditu laguntzen dutenen bultzadagaz. Arte eskola bat eta museo bat sortu zuten Mouludek eta kideek Saharan, eta 15 urtez egon da neska-mutilei marrazketa irakasten. Artifariti arte jardunaldia ere antolatzen dute Mouludek eta lankideek: “Jaialdi horregaz, artea giza eskubideen aldeko arma bihurtzea dugu asmoa, eta lortu dugu munduko artista askorengana ailegatzea”.
|