Zapatuan, Athleticetik Leioara joandako Ainhoa Antruejo ligako pitxitxia izango dute aurkarietako bat Elorrioko neskek; bere taldeak sartu dituen 75 goletatik 25 berak egin ditu.
Elorrioko neskek Leioako emakumeak izango dituzte aurkari gaur. Elorriarrak laugarren doaz, eta Leioa, ostera, hirugarren. Gol gehien egin duen taldea da Leioakoa, eta alde handiarekin, gainera: 75 gol egin ditu, eta hurrengoak, 37. Partidu gogorra izatea espero dute, baina Gontzal Arana entrenatzaileak adierazi duenez, ondo lan eginda, badituzte aukerak irabazteko.
Elorriok irabazi egin zuen azken partidua Orduñaren aurka (0-3), eta Leioari aurre egiteko indarra eman dio taldeari horrek. Lehenbiziko gola 15. minutuan sartu zuten, eta horrek aurrera jarraitzeko lasaitasuna eman zien. Nahiz eta Orduña hamargarren sailkatua izan, partidu erraza izan zen, eta irabazteak animoak eman zizkion taldeari, partidu bi galtzetik baitzetorren. Bata merezita, Erandioko Betiko Neskaken aurka (0-3). Eta bestea, Peña Athletic Sestaotarraren aurka, 0-2 irabazten joan ostean, azken hogei minutuetan 3 gol sartu zizkieten Sestaoarrek.
Seitik lau partidu galdu dituzte, eta Orduñakoaz gain, beste garaipen bat baino ez dute lortu, Iurretakoren aurka (2-1). Iurretako neskek azken hiru jardunaldietan ez dute garaipenik lortu, eta sailkapen taularen erdian daude, bederatzigarren.
Liga amaierara begira, elorriarrek ez dute helburu finkorik, baina Aranaren esanetan "talde gaztea da, trantsizio garaian dagoena". Beraz, datorren denboraldirako zehaztuko dituzte hainbat helburu.