Elorrioko Buskantza osatzen duten lau taldeak goi mailan dabiltza aurten. Nagusienetatik hasi eta gazteenetara. Den-denak. Betidanik leialak izan diren Elorrioko areto futbol zaleek gozatzeko hamaika arrazoi dituzte aurten .
Iaz hirugarren mailatik euskal ligara jaitsi ondoren, talde nagusiari zorroztasuna ezarri dio Iker Saenz de la Cuesta entrenatzaile berriak: "Talde gaztea eta kalitatezkoa du Elorrioko Buskantzak. Talde lana, seriotasuna eta zorroztasuna ezartzea izan da nire zeregin nagusia. Esango nuke, entrenatzaile lana baino, psikologo lana egin dudala taldeagaz, batez ere", azaldu du Saenz de la Cuestak. Lan horren emaitzak begien bistakoak dira. Euskal ligan lider daude; jokatutako 13 partiduetatik 12 irabazi eta 22 gol bakarrik jaso dituzte. Asteburuan goiko postuen borrokan dabilen Abadiñoko Lagunen kantxa bisitatuko dute.
Elorrioko Buskantzako gazteak ere lider daude. Lehenengo itzuli osoan ez dute partidurik galdu; lau puntuk bakarrik ihes egin diete, berdinketa bigaz. Gainera, emaitza onak ‘tiki-taka’-gaz batera etorri dira, zaleen gozamenerako.
Elorrioko C-k ere ez daki galtzea zer den; berdinketa bat kenduta, gainerako 10 partiduetan hirunan batu dituzte puntuak, eta lehen postuan daude bigarren erregionalean.
Azkenik, Sapuberri lider den lehenengo erregionalean Elorrioko B laugarren dago, igoera apostutik sei puntura.