Koruetan zuzendari, eskolan irakasle... Itzartzetik lokartu arte musika doinuekin bizi da durangar hau. Gabonetako oporretatik beharrera gustura bueltatu dela dio Esther Hernandez Unzuetak. Lagun batek esan dio: "Noski! Zuri zure lana gustatu egiten zaizu eta!" Elorrion bizi den durangar hau duela 25 urte hasi zen abesbatzen zuzendari, eta harrezkero, ez da gelditu ere egin.
Noiztik zaude musikak harrapatuta?
Bost urtekin hasi nintzen, San Frantziskon. Han, kanturako eta korurako ohitura handia zegoen. Kontserbatorioan solfeoa eta korala egin nituen, eta gero, ikasketekin nenbilen artean, gitarra eta pianoko karrerak egin nituen. Selektibitatea egin eta gero, organuko karrera egin nuen. Lehen errazagoa zen, institutuan zeunden artean kontserbatoriora joan ahal zinelako. Orain, gauza biak bateratzea gaitzagoa da.
Elorrioko Berriotxoa abesbatzeko eta Zaldibarko eskola koraleko kidea zara.
Bai, eta oso gustura. Pena txiki batekin: jendea gutxitu da, batez ere Zaldibarren. Lehen 50-60 pertsonako korua izandakoan 16 gaude orain. Hala ere, kanturako afizioa jendeak mantentzen du. Gabon aurrean, koruko jendea gitarrekin irten ginen Zaldibarren, tabernaz taberna kantu herrikoiak kantatzera. Jende piloa batu zitzaigun! Itzela izan zen! Esan nien korukoei, ea pertsona horietakoren bat korura animatzen den... Baina entseguetara hastea gehiago kostatzen da. Koru bietan oso giro ona daukagu. Elorriora 18 urtegaz etorri nintzen kantatzera. Lagun batek esan zidan korua Galiziara zihoala, eta pare bat ahots behar zituztela. Etortzen hasi nintzen, eta hemen geratu nintzen. Juanito abadeak gero zuzendari lanetarako engantxatu ninduen, eta 25 urte egin ditut bertan. Bizitza erdia, beraz,Elorrion!
Lourdesko Ama Ikastetxean irakaslea zara. Umeak edo helduak dira ikasle hobeak?
Desberdina da. Umeekin pazientzia eduki behar da, baina jende nagusiarekin pazientzia desberdina da. Ume txiki bati errieta egin ahal diozu, baina nagusi bati... Kontu handiagoa eduki behar da.
Ume zinenetik hona, eskolan musika irakasteko modua aldatuko zen...
Ez dauka zerikusirik. Lehen loroek bezala ikasten genuen, eta orain, jolasten ikasten dute; oso ondo pasatzen dute. Gauza asko ikasten dute, baina teoria gutxiago eta beste modu batean. Gero, benetan ikasteko gogoa daukanak sakondu egingo du. Izan ditut ikasleak umetan aspertu eta gero nagusiagotan musikari berriz ekin diotenak.
Umetan musika ikasteak zer onura ditu, zure ustez?
Kultura musikala hartzen da, eta hori bizitzarako garrantzitsua dela uste dut. Kontzertu batera joan, eta zer entzuten zabiltzan jakiteko, zuk zeuk musikan jarduteko... Musika hizkuntza bat da, eta mundu osoan komunikatu zaitezke musikarekin. Asko gustatzen bazaizu, poztasuna eta gogobetetzea dakarzkizu. Itzartzerakoan musikarekin hasten baduzu eguna, ez da ezer barik hastea bezala. Bizitzan oso garrantzitsua da musika.
Kontzertuetarako astirik hartzen duzu?
Ahal dudan guztietan joaten naiz. Denetik gustatzen zait; Gaztetxera datozenak, Arriolak antolatutakoak... Musika klasikoa, jazza, bluesa... Ilusio handia egiten dit nire ikasleek talde batean jotzeak eta eurak ikustera joateak. Askotan pasatu zait, hasieran musikan jarraitu gura ez zuten gaztetxoek talde bat sortu dutela ikustea. Itzela da!