San Txibiri herri lasterketa antolatu dute lehenengoz

Anboto 2012ko abe. 21a, 11:50

Abenduaren 30ean izango da. Zazpi urtetik aurrerako denak apuntatu daitezke. Oihana Kortazar eta David Garcia korrikalariek ere parte hartuko dute

Abenduaren 30ean izango da. Zazpi urtetik aurrerako denak apuntatu daitezke. Oihana Kortazar eta David Garcia korrikalariek ere parte hartuko dute.

 \"\"

Elorrioko Udalak San Txibiri izeneko herri lasterketa antolatu du lehenengoz abenduaren 30ean. Durango Kirol Klubak lagundu die antolaketa lanetan.

 

Lasterketa herriko plazan hasi eta amaituko da eta parte hartzaileak adinaren arabera banatuko dituzte. 8-13 urte artekoen lasterketa 12:00etan hasiko da. 850 metroko zirkuitua prestatu diete alde zaharrean. Ondoren, 12:30 inguruan, 14-17 urte artekoen txanda izango da. Hauek 2,7 kilometroko zirkuituari aurre egin beharko diote.

 

18 urtetik gorakoen lasterketa ere 12:30ean hasiko da. Alde zaharra ez ezik, herriko kanpoaldea ere hartzen duen 5,4 kilometroko zirkuituan ibiliko dira. Lasterketa honetan bakarka zein koadrilaka parte hartu daiteke. Azken horien kasuan, helmugara heltzen diren koadrila bereko lehenengo lauren denborak hartuko dira kontutan; lau horien batez bestekoak emango du azken denbora. Nagusien lasterketan izen ezagunak ere egongo dira: Oihana Kortazar korrikalari ezaguna eta David Garcia Durango Kirol Klubeko atleta.

 

Internet bidezko izen-ematea abenduaren 28ra arte dago zabalik: http://santxibiri.blogspot.com.es/ Dortsalen banaketa abenduaren 29an egingo dute, 11:00etatik 13:00etara Herriko Plazan. Orduan ere lasterketarako izena eman daiteke. Antolatzaileen esanetan lasterketaren egunean bertan apuntatzeko aukera ere badago. Koadrilen kasuan, izen-ematea internet bidez eginez gero, denek aldi berean egin beharko dute, nahasketarik gertatu ez dadin.

 

Lasterketa amaitzen denean txanpana, ardoa, pernila eta beste hainbat produktu zoztz egingo dituzte parte hartzaileen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!