"Elorrioko abestiak ere esaten du: astoak ziren, txiki-txikiak..."

Anboto 2012ko abe. 16a, 08:15
Txikiak bai, baina bertako baserrietako beharretan eta meatzaldean karga-lanak egiteko laguntza handia izan dira astoak. Galtzeko zorian egonda, berreskuratzeko beharra egiten dabiltza hainbat abeltzain, tartean Xabi Iturriaga elorriarra. Duela sei urte Gordexolako azokara joaten hasi zen, astoak hartuta. Bertan asto lehiaketa egiten dute, eta arraza puruko astoak kalifikatzen dituzte.

Txikiak bai, baina bertako baserrietako beharretan eta meatzaldean karga-lanak egiteko laguntza handia izan dira astoak. Galtzeko zorian egonda, berreskuratzeko beharra egiten dabiltza hainbat abeltzain, tartean Xabi Iturriaga elorriarra. Duela sei urte Gordexolako azokara joaten hasi zen, astoak hartuta. Bertan asto lehiaketa egiten dute, eta arraza puruko astoak kalifikatzen dituzte.

 

Gordexolako lehiaketan nahiko postu ona lortu zuten zure astoek...

Bai, emeetan bat hirugarren gelditu zen, eta arretan beste bat bosgarren. Gustura, baina ustebako zerbait izan zen. Ez dago norberaren esku; astoa, pertsonen moduan, beharbada ez dago ile kapa egokiarekin une horretan, euria egin duelako... Astoak orain baino dotoreago egoten dira udaberrian edo udan, baina Sanandresetako azokan egiten denez, orduan eroan behar. Orduantxe daude ile zaharraz, ile luzeagaz, eta ez daude txukunen. Zorte ona badaukazu, saria irabaz dezakezu, baina ez zara joaten sariairabaztearren. Zure moduko zaletasunak dauzkaten pertsonekin barriketan eta tratuan ibiltzea da kontua.

 

Astoa galzorian al dago momentu honetan?

Ez. Asto asko ugaldu dira, eta arraza honetan ez dakit zenbat asto dauden zentsatuta, baina Gordexolan 110 inguru egon ziren, eta ez ziren dauden denak egon. Galzorian zegoela ikusita, duela hamazortzi urte, Gordexolako Udala mugitzen hasi zen. Elkarte bat egin zuten eta monografiko bat egiten hasi ziren, astoak azokara eroan eta katalogazioa egiteko, euskal arrazakoak zeintzuk ziren ikusteko. Baremo batzuk ipini zituzten arraza bera definitzeko.

 

Enkarterriko Astoa da arrazaren izena. Zergatik?

Lehenago meategietan ibiltzen ziren asto hauek, burdina eta  karga bajatzeko. Txikiak dira eta ondo moldatzen dira  mendietara. Euskal Herri osoko baserrietan ere berdin.  Elorrioko abestiak ere esaten du, ‘Astoak ziren txiki-txikiak, atsoak berriz kristonak’. Horrek esan gura du, horrelako astoak  hemen ere egon izan direla.
 

Zelakoak dira zehazki?

Txikiak, bizkarrezurra 1,20ko altuerara eduki behar dute. Belarri txikiak, mutur zuria, eta tripa zuria eduki behar dituzte. Gero baloratzen dute bizkarrezur zuzena edukitzea, aldaka zabalak... Euskal Herriko mendietara ondoen egokitu den asto mota da.

 

Zenbat asto dauzkazu?

Txiki eta handi, hamalau. Ar bi eta lau txiki dauzkat, eta zortzi eme.

 

Asko prestatu zenituen Gordexolarako?

Zer edo zer bai. Azkenean, edertasun lehiaketa modukoa da. Apatsak konpondu, garbitu...  Sei urte daramatzat nik, eta gero eta maila altuagoa ikusten dut. Ni orain nabil ikasitakoaren fruituak jasotzen.

 

Zelan hasi zinen asto-zaintzan?

Lur-sailak garbitzeko sasi-garbitzeko makina erabili beharrean nahiago dut animaliekin ibiltzea. Zaldiekin saiatu bai, baina astoak askoz ere mantsoagoak dira. Mantentzeko errazak dira, eta oso argiak; kotxea ezagutzen dute, ordutegia ere bai... Neguan ohitura badaukazu kortara sartzeko, itxaroten egoten dira boxes-en egongo balira moduan. Beti esan izan da burugogorrak direla, baina oso argiak dira. Zaldiek irripa asko dagoen landetan kriston zuloak egiten dituzte eta landa apurtzen dute; astoak txikiak dira eta ez dute halakorik egiten. Apurka-apurka hasi nintzen, pikatu egin nintzen, eta gero Gordexolako elkartean sartu...

 

Zuenean beti egon da astoa?

Lehen bai, baina hamar urte-edo egongo ginen asto barik. Traktoreak eta kotxeak etorri zirenean, beste baserrietan bezala, astoa erabiltzeari utzi genion.

 

Salerosketa tratuak, zer moduz?

Hasi nintzenean asko erosi nuen. Orain zortzi eme dauzkat, urtero kumeak egiten dituzte, eta urtero kendu behar dut, bestela... Ar batzuek elkarteetan amaitzen dute. Emeak ametarako saldu. Elorrioko feriara ere bajatzen ditut, baina ez dago mugimendu handirik. Azkenean,  honi ere eragin dio krisiak. Hasi nintzenean astoek beste prezio bat zeukaten, orain askoz ere merkeago daude.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!