Elorriok bere esku dauka bigarren fasera sailkatzea

Anboto 2012ko aza. 24a, 08:24

Elorrio Parra Taberna rugby taldeak bihar irabazten badu, bigarren fasera sailkatuko da; ezpabere, beste emaitzen mende legoke

Elorrio Parra Taberna rugby taldeak bihar irabazten badu, bigarren fasera sailkatuko da; ezpabere, beste emaitzen mende legoke.

 

Euskal ligako lehenengo fase gorabeheratsua arrakastagaz amaitzea, bere esku du Elorrio Parra Taberna rugby taldeak. Gaur, Iruñean jokatuko dute, eta irabaziz gero, bigarren fasera sailkatuko dira, zortzi onenen artera.

 

Galduz gero, Iruñeak aurreratu egingo du, eta Uribealdea Bren emaitzaren zain geratu beharko dute elorriarrek.
Azken jardunaldiaren faltan, hiru puntuko aldea dago Elorrio eta Uribealdearen artean. Dena esan behar bada, Uribealdeak oso gatx dauka puntuak lortzea, Getxo B lider sendoaren aurka  ibiliko delako. Baina Getxo B sailkatuta dago, ez du ezer jokoan eta lasai-lasai zelairatzea ez litzateke harritzekoa.

 

Elorriok behetik gorako bidea egin du lehenengo fasean. Kaskar hasi zirela dio Urdin Ugarte entrenatzaileak: “Hasiera petrala izan genuen. Entrenamenduetara ez ziren jokalari denak etortzen, eta zetozenekin ere ez zen iazko dinamika hori sortu”. Baina partiduak jokatu ahala “sendotu egin gara, taldeari forma eman diogu”.

 

Iazko urtea errepikatu guran

Iaz, oso denboraldi ona egin zuten elorriarrek. Bigarren fasera sailkatu eta mailaz igotzeko eskubidea lortu zuten. Zoritxarrez, mailaz igotzeko ez da nahikoa aurrenekoen artean geratzea. Federazioak ezarritako baldintza batzuk bete behar dira, gazte mailako talde bat izatea, esaterako. Elorriok ez ditu baldintza horiek betetzen, eta aurten ere ezingo lukete mailaz igo.

 

Federazioaren eskakizunak, betetzekotan, ondorio denekin bete behar direla uste du Ugartek. Esaterako, iaz Uribealdea mailaz igo zen, bigarren talde bat sortuta. Aurten, Uribealdea Bk ez du Elorrioren kontrako partidua jokatu, ez zutelako jokalari nahikorik.

 

Baina horiek denak aurreragoko kontuak dira. Orain, Iruñeari irabaztea da behinena. “Talde horren aurka ondo moldatzen gara; ez dakit zer dela-eta, baina normalean ondo jokatzen dugu Iruñean”. Igual, taldeak goiza elkarrekin ematen duelako da. Bihar ere denak batera joan eta Etxauri herrian bazkalduko dute. Kontzentrazio baten antzekoa izango da. Antza denez, etxetik urrun jokatzeak ere baditu bere abantailak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!