Gustuko lekuan aldatsik ez

Anboto 2012ko aza. 15a, 08:30

Mendian egindako lesioak oraindik erabat sendatzeke, Alex Txikon eta Carlos Suarez mendizale ezagunek etorkizunerako dituzten proiektuak azalduko dituzte, gaur, Elorrioko Mendi Asteko konferentzian

Mendian egindako lesioak oraindik erabat sendatzeke, Alex Txikon eta Carlos Suarez mendizale ezagunek etorkizunerako dituzten proiektuak azalduko dituzte, gaur, Elorrioko Mendi Asteko konferentzian.

 

Alex Txikon (Lemoa, 30 urte) hanka igeltsatuta  etorriko da; Carlos Suarez ( Madril, 40 urte) berriz, hiru saihetsen eta masailezurraren hausturetatik errekuperatu berri. Arriskuak hartzearen ondorioak dira. Mendiak ez du barkatzen. Hala ere, biak ala biak proiektu eta espedizio berriak prestatzen ari dira. Suarezek dioen moduan: “Gustuko lekuan ez dago aldatsik”. Biek Elorrioko Mendi Asteko konferentzian parte hartuko dute, gaur.

 

Mendizale ezagun biek 2005ean elkar ezagutu zuten Irungo hitzaldi ziklo batean, baina elkarrekin mendian bizitako lehenengo esperientzia iaz izan zen, Pakistango Gasherbrum I zortzimilakoan (8.068 m). Ezin izan zuten gaina zapaldu. Eguraldi txarraren ondorioz, 7.300 metrotan geratu ziren.

 

Harrezkero, hainbat bider irten dira mendira elkarrekin, baina ez eskalatzeko helburuagaz, afizio eta adrenalina iturri berri bat partekatzeko baino: oinarrizko saltoa. Oinarrizko saltoa parakaidismoko modalitate bat da eta hegazkinetik beharrean oinarri finko batetik (mendia, eraikina…) salto egitean datza. Carlos Suarez mota horretako saltoak egiten aitzindaria izan zen Espainiako eskalatzaileen artean, eta apurka-apurka Alex Txikon ere zaletzen ari da.

 

Suarezek mila salto inguru egin ditu parakaidismoan eta horietako 400 bat oinarrizko saltoan. Txikonek ehun salto inguru egin ditu, horietako hamar lurretik 200 metrotik behera zegoela. Lemoarraren esanetan, modalitate horrek asko betetzen du psikologikoki: “Lurretik hain hur zaudela norberaren buruaren kontrol itzela behar da. Psikologikoki, asko erakartzen nau oinarrizko saltoak”. Eskaladagaz konparatuta duen kontrasteak erakartzen du Suarez: “Mendian beti zabiltza metro bat gorago joateko borroka etengabean. Oinarrizko saltoa azkarra da, berehalakoa, ez duzu amildegiaren kontra borrokatzen; areago, zeure burua sakanean behera botatzen duzu”.
Bi-biek euren azalean probatu dituzte grabitateagaz jolasteak dituen arriskuak. Abuztuan Madrilgo Galayos gainetik salto egin, haize-boladek bere ibilbide naturaletik atera, eta arroka batzuen kontra jaurti zuten Suarez. Masailezurra eta hiru saihets apurtu zituen. Hala ere, pozik dago: “bizia galtzeko arriskua izan nuen”. Gaur, ia guztiz errekuperatuta dago. Txikonek pasa den astean apurtu zuen hankako peronea, parapenteagaz lur hartzen zebilela. Lauzpabost astean igeltsuagaz geldi egon beharko du.

 

Suarezen lesioak elkarrekin egin beharreko bigarren espedizioa zapuztu zien. Madrildarrak ezin izan zue Groenlandiara joan, Ula mendian bide berri bat irekitzera. Gorputzeko minak min, espedizio horretara joan ezinak min handiagoa eragin ziola onartu du.

 

Datorren urterako beste proiektu bat dute elkarrekin: 2013ko urtarril amaieran Pakistango Laila Peak mendira (6.096 m) joateko asmoa dute. Suarez ere proiektuan dago, baina ez daki joaterik izango duen beste konpromiso batzuengatik. 

 

 


Mendian hildako anaia berbagai Ormazabalek

 

Andoni Ormazabalek Xabi anaiari buruz egindako dokumentala erakutsiko du barikuan

 

Xabi Ormazabal mendizale urretxuarraren hitzaldiak itxiko du Erdella mendizale taldeak asteon antolatutako Mendi Asteko konferentzia zikloa. Ormazabalek 2004an mendian hil zitzaion Xabi anaiari buruzko dokumentala eskainiko du gaur, 19:30ean, Iturri kultur etxean. Bertaratzen direnen galderei ere erantzungo die.

 

Xabi Ormazabal 2004an hil zen Cho Oyu (Himalaya) zortzimilakoa jaisten zebilela. Cho Oyu munduko seigarren mendirik garaiena da 8.201 metrogaz.

 

Anaia biek garrantzia handiko hainbat lorpen lortu zituzten elkarrekin. 2001etik 2004ra sasoi bateko Sovietar Batasuneko bost gailurrik garaienak igo zituzten. Gailur horiek igotzea lortzen dutenei ‘elurretako lehoinabarrak’ deitzen diete eta ezizen horretatik dator Elorrion erakutsiko duen ikusentzunekaoren izena: Elurretako lehoinabarraren bila.

 

Cho Oyurako espedizioaren aurretik Shisha Pangma zortzimilakoa (8.027 metro) igo zuten. Handik hilabetera joan ziren Cho Oyura, ezbeharra gertatuko zen mendira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!