Lokatza nagusi eta Murgoitio bigarren Elorrion

Anboto 2012ko aza. 12a, 12:16

Aitor Hernandez ermuarrak irabazi zuen Elorrioko Udala Sariaren XXXVI. edizioaren ziklo-kros modalitateko lasterketa. Superprestigio txapelketako sailkapenerako laugarren proba baliagarria izan zen atzokoa. Egoitz Murgoitio abadiñarrak bigarren postua lortu zuen

Aitor Hernandez ermuarrak irabazi zuen Elorrioko Udala Sariaren XXXVI. edizioaren ziklo-kros modalitateko lasterketa. Superprestigio txapelketako sailkapenerako laugarren proba baliagarria izan zen atzokoa eta lokatzez beteriko ibilbideak txirrindularien lana zaildu zuen. Egoitz Murgoitio abadiñarrak bigarren postua lortu zuen, lehenengoarengandik 39 segundura sailkatuta.

 

Orbea taldeko Hernandezek  maila oso ona erakutsi zuen,asteburuan izandako lasterketa bietan garaipena lortu baitzuen, Arbulun eta Elorrion. Poztasuna adierazi zuen ermuarrak, “ez dago garaipen errazik, guztiak zailak dira. Guztiak garaitu ditut eta egoerarik txarrenean, pozik egotekoa da.” Izan ere, lokatza, euria eta hotza izan ziren protagonista Elorrion.

 

Hirumet Taldeko Murgoitiok aldiz ez ditu hain lasterketa onak burutu azken aldian. Ezinegona adierazi zuen Murgoitiok “ez dakit zer gertatzen zaidan, ez dut pedalei eragiteko egoera egokia aurkitzen, zerbait falta zait.” Nahiz eta abadiñarrak bere maila onena erakutsi zuen, irabazteko ez zen nahikoa izan. Hala ere Superprestigio txapelketako lidertza berea da oraindik.

 

Txirrindulari guztiek elkarrekin ekin zioten lasterketari. Hirumet Taldeko Jonathan Lastra izan zen 23 urte azpikoetan irabazle eta emakumezkoetan Rocio Gamonal sailkatu zen lehendabiziko postuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!