Mendizale ezagunak Erdellak antolatutako Mendi Astean

Anboto 2012ko aza. 12a, 08:18

Beste urte batez, Elorrioko Erdella Mendizale Taldeak Mendi Astea antolatu du. Bertan, puntako eskalatzaile, parapentista eta mendizaleak batuko dira, baita salto basean hasiberriak diren zenbait ere. Oihana Beristain, Joseba Aldanondo, Andoni Ormazabal, Fidel Mendia, Alex Txikon eta Carlos Suarez izango dira Iturri Kultur Etxean gaurtik azaroaren 16ra, 19:30ean

Beste urte batez, Elorrioko Erdella Mendizale Taldeak Mendi Astea antolatu du. Bertan, puntako eskalatzaile, parapentista eta mendizaleak batuko dira, baita salto basean hasiberriak diren zenbait ere. Oihana Beristain, Joseba Aldanondo, Andoni Ormazabal, Fidel Mendia, Alex Txikon eta Carlos Suarez izango dira Iturri Kultur Etxean gaurtik azaroaren 16ra, 19:30ean.

 

Hitzaldien zikloa astelehenean hasiko da eta Iñigo Gabiria elorriarra izango da lehendabiziko hizlaria. “Transpirenaika parapentez. Kantauri Itsasotik Mediterraneora” deitutako bidaiaren argazki aurkezpena burutuko du, Pirineoa airetik eta lurretik nola ikusten den erakutsiz. Gabiriak, Hondarribia eta Cap de Creus lotzen dituen ibilbidea burutu zuen bigarrenez udan. Izan ere, iaz lesio batengatik utzi egin behar izan zuen.

 

Asteartean, eskalatzaileen txanda izango da. Oihana Beristain eta Joseba Aldanondo bergararrek, Jordaniako Wadi Rum basamortuan eta Argentinako Patagonian burututako eskalada saioak biltzen dituen proiekzioa aurkeztuko dute.

 

Azaroaren 13an, Fidel Mendia nafarraren azken bidaia ezagutzeko aukera izango dute Iturri Kultur Etxera hurbiltzen direnek. Europako ekialdean eskiatzen ezagututako Transilbaniako Karpatoak eta Errumaniako paisaien inguruen berri emango du ikusentzunezko baten bitartez.

 

Ostegunean, Alex Txikon eta Carlos Suarez izango dira protagonistak. Mendi eta eskalada kontuetan ezagunak diren bi hauek, salto baseari ere ekin diote azken aldian eta hain ezaguna ez den modalitate hau ezagutzera emango dute. Horrez gain, Suarezek mendizaletasunari buruz sortutako ikusentzunezkoaren emanaldiaz ere gozatu ahal izango da.

 

Ostiralean, emango zaio amaiera Mendi Asteari, Andoni Ormazabal gipuzkoarraren dokumentalarekin. Mendian, 23 urte zituela hil zen bere anaia Xabiren historia kontatzen duen ikusentzunezkoa eskainiko du.

 

Hitzaldi, bideo emanaldi eta argazki erakustaldiez gain bigarren eskuko azoka ere antolatu dute Mendi Asterako. Aste osoan zehar azoka zabalik egongo da Iturri Kultur Etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!