Gurasoen eta jokalarien artean gidatzen dute Elorrio futbol kluba

Anboto 2012ko aza. 4a, 13:50
Erreleborik agertu ez zenez, guraso eta jokalariek osatzen dute aurten zuzendaritza batzorde berria

Erreleborik agertu ez zenez, guraso eta jokalariek osatzen dute aurten zuzendaritza batzorde berria.

 

Udan Javier Agirrek, aurreko presidenteak, Elorrio futbol kluba uzteko asmoa iragarri zuenean, jokalarien gurasoek eta jokalariek eurek hartu zuten futbol klubaren gidaritza. Orain, astelehen guztietan batzartzen dira astean asteko kontuak argitzeko eta kluba osatzen duten sei taldeek etorkizunean hartu beharreko bideari buruz eztabaidatzeko.


Denek zekiten Javier Agirreren agintaldiak iraungitze data zuela. Hasieran, urte birako hartu zuen klubaren gidaritza, baina ordezkorik aurkitu ez eta beste urte bitan jarraitzeko borondatea erakutsi zuen, zuzendaritza batzorde berri bategaz. Agirrek utzi zuenean, emakumeen eta gizonen futbol taldeetako hiruna jokalarik kudeaketa batzorde bat eratu zuten, kluba desagertu ez zedin. Handik gutxira orain klubeko presidente den Jose Andres Tabera batu zitzaien. Tabera gazteen mailako jokalari baten aita da. Kluba gidatzeko pisu osoa jokalariek bere gain hartzea ez zitzaion komenigarria zenik iruditzen eta beste guraso batzuk konbentzitu zituen zuzendaritza batzordera batu zitezen. Gaur egun, hamahiru lagunek osatzen dute zuzendaritza batzordea. Aipatutako gurasoei eta jokalariei, Gontzal Arana eta Agustin Fernandez  entrenatzaileak gehitu behar zaizkie, horiek ere laguntzeko beti prest.


Tabera presidenteak zuzendaritza osatzen duten kideen lanerako grina azpimarratu du eta bertan jokalariak ere egotea aberasgarria dela uste du: “Kanpotik gauza batzuk ikusten dira, baina beste batzuk ez. Jokalariek barruko ikuspegia ematen digute. Esaterako, eurek abisatu dute gazteen mailetako taldeak jokalari barik geratzeko dagoen arriskuaz. Antza, sona handiagoko taldeetara joaten dira eskola kiroletik talde federaturako pausua ematean. Kezkagarria da eta egoera hori zelan bideratu hausnartzen gabiltza”.


Elorrioko futbol kluba sei taldek osatzen dute. Nagusiei dagokionez, Ohorezko mailan eta Hirugarren erregionalean gizonen talde bana ditu, eta Lehenengo erregionalean emakumeen talde bat. Kadete eta gazte mailako talde bana ere badituzte eta haur-kategoriakoa Elorrioko Kirol Taldeagaz batera daramate. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!