"Hurrengo bidaia Hegoamerikara egingo nuke berriro"

Anboto 2012ko aza. 3a, 08:30

Gidoi finko barik, bidean ezagututako jendearen gomendioak jarraituta, Argentinan hasitako bidaia Kolonbian amaitu zuen Iker Minguez elorriarrak. Guztira Hegoamerikako hamar herrialdetan egon da sukaldaria. Berriro errepikatuko lukeen bidaia horretan 2.000 argazki baino gehiago atera ditu. Ederrenak Plateruena Kafe Antzokian erakutsiko ditu, datorren eguaztenean

Gidoi finko barik, bidean ezagututako jendearen gomendioak jarraituta, Argentinan hasitako bidaia Kolonbian amaitu zuen Iker Minguez elorriarrak. Guztira Hegoamerikako hamar herrialdetan egon da sukaldaria. Berriro errepikatuko lukeen bidaia horretan 2.000 argazki baino gehiago atera ditu. Ederrenak Plateruena Kafe Antzokian erakutsiko ditu, datorren eguaztenean.

 

Hasieran Argentinara joatea zeneukan buruan...

Bai. Jendeak esaten zidan bederatzi hilabete asko zela eta Hegoamerika osoa ikusi ahal nuela. Hemendik lotuta neukan Uruguain urtarrilean lan egitea. Ondoan Brasil dago, eta txikitatik Riora joan gura izan dut. Hara heldu behar nuela erabaki nuen. Horrela hasi, eta hegazkin eta autobus, martxa hartu nuen. Kolonbian amaitu nuen, oso gustura. 

 

Zer moduz Rio de Janeiroko bisita?

Asko gustatu zait. Brasilen kirola eta gorputza zaintzea asko gustatzen zaie, eta bi-hiru kilometroko hondartzan futbol zelaiak ikustea,  gimnasioa,  hare zuria... Arrebari-eta esan diet ezkontzen direnean bidaia ordainduko diedala Riora. Hitza hartu didate eta aurrezten hasi beharko naiz...

 

Bakarrik eta konpainiagaz ibili izan zara bidaian.

Bai, bikotea izan zena bidaia hasi eta bi hilabetera etorri zen. Sei hilabete egin genituen elkarrekin eta azken hilabete biak bakarrik egin nituen. Ama, arreba eta bere bikotea hemengo Aste Santuan etorri ziren. Skypegaz astero berba egiten genuen, baina eurekin egon ahal izatea itzela izan zen... Hilabeterik politena, niretzako.

 

Jendearen etxeetan egin duzu lo.

Hasieran hostaletara joaten nintzen. Argentinara heldu eta aste betera Algortako neska batzuk  motxilagaz bidaiatzen dutenentzat orri bat zegoela esan zidaten, Coach Surfing. Hasieran ez nien kasurik egin. Txilen probatu nuen lehenengoz, eta oso ondo. Bertako jendea ezagutu nuen eta eurek ezagutzen zituzten lekuetara joan nintzen, ez turistikoenetara. 

 

Inoiz pentsatu duzu ‘etxera joan gura dut’?

Ez. Nahiz eta Peru eta Ekuadorreko mugan estuasun handia pasatu nuen. Aduanara lagundu gura zidatela esanda auto batera sartu ninduten. Istiluak zeudela esan zidaten. Lapurtu egingo zidatela iruditu zitzaidan. Semaforo batean polizia bati laguntzeko eskatu nion. Autokoek ihes egin zuten eta inguruko batek esan zidan euretako batek lapurtutako arroparen merkatua zeukala. Poliziak  beste taxi baten sartu gura ninduen, eta alboko andra batek ezetz, taxi hura ez zela fidatzekoa. Ekuadorrera joateko autobusa hartu arte ez nintzen inogaz fidatzen. Baina ez nuen pentsatu etxera etortzea. Urte bete bidaia pentsatzen egonda, ezin nuen utzi. 

 

Uruguaien, sukaldean ibili zinen lanean?

Bai, Taberna Patxin, Ortuellako mutil baten jatetxean. Gustora, baina oso gogorra izan zen. Urtarrilaren 3tik 31ra deskantsu barik ibili ginen, 12-13 ordu egunean. Heldu ginen gauean, bidaia luze baten ostean, 180 lagun etorri ziren. Zoramena! Bi  txanda egiten genituen. Punta del Este Marbella modukoa da.

 

Kafe antzokirako errezeta berririk ekarri duzu?

Orain asteazkenetan munduko janaria ematen hasi gara, eta handik errezetak bidaltzen nituen. Probatzea gustatzen zait, eta fruitu eta janari oso ona dago han. Brasilen arroza, patata frijituak eta babak plater denetan daude. Arroza Hegoamerika osoan jaten da.

 

Antzokiko aurkezpenean erakutsiko duzu argazki kuttunen bat.

Machu Pichukoa. Lauretan jaiki, euritan bi mila eskailera igo, eta aztarnak ikustea, itzela izan zen. Han alboan Huayna Pichu tontorra dago. Ez igotzekotan egon nintzen, eguraldiagatik eta alturagatik. Gidak animatu ninduen; hango ikusmira ikaragarria izan zen.

 

Jendeagaz, non gusturen?

Kolonbian. Eskuak zabaldu eta beste bat gehiago bezala hartzen zaituzte. Hartzen ninduten etxeetan, beti ahalegintzen nintzen merkatura joan, janaria erosi, eta sukaldean zeozertxo egiten.

 

Hurrengo bidaia nora?

Kubara eta Kolonbiara joan gura dut; ez nuen asti handirik izan Kolonbia ikusteko. Tailandia-eta esaten didate, baina ni Hegoamerikara joango nintzateke berriro.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!