Jazz eta blues zaleentzako zerrenda erakargarria osatu dute Elorrion

Anboto 2012ko aza. 6a, 08:47
Elorrioko Ateneoan, Arriolan eta Portalekuan izango dira Jazz Blues jaialdiaren kontzertuak, azaroaren 8tik 25era bitartean

Elorrioko Ateneoan, Arriolan eta Portalekuan izango dira Jazz Blues jaialdiaren kontzertuak, azaroaren 8tik 25era bitartean.

 

Azaroaren 8ko jam saio bategaz hasiko da Elorrioko Jazz Blues jaialdiaren XXIII. edizioa, eta
azaroaren  25era bitartean beste zazpi kontzertu egongo dira Elorrioko hiru eszenatokitan: Ateneoan, Arriola antzokian eta Portalekua tabernan.


Egitaraua

  • Azaroaren 8an, Ateneoan Jam Session
  • Azaroaren 10an, Ateneoan
    Band Of Friends
  • Azaroaren 16an, Ateneoan
    Tobias Meinhart Quintet
  • Azaroaren 17an, Ateneoan
    Dani Wilde
  • Azaroaren 22an, Ateneoan
    Miguel Salvador Quartet
  • Azaroaren 23an, Ateneoan
    Hasier Oleaga
  • Azaroaren 24an, Arriolan
    The Holmes Brothers
  • Azaroaren 25an, Portalekuan
    Xabi eta Petti

 

Blues erritmo eta doinuek zabalduko dute Elorrioko Jazz Blues jaialdiaren hogeita hirugarren edizioa: Band Of Friends ariko da, Rory Gallagher musikari irlandarra omentzeko sorturiko taldea. Gallagher gitarristaren “bizitzaren eta musikaren ospakizuna” egiteko sortu zuten proiektua, eta blues musikagaz rocka ere uztartzen ditu.
Jazz doinuak izango dira nagusi hurrengo hiru emanalditan. Tobias Meinhart Quintet-ek joko du, esaterako, azaroaren 16an,  Ateneoan. New Yorkeko klubetan goi mailako inprobisazio saioak eskaintzen dituzte, eta Elorrion ere etorri berberaren bila ariko dira.

 

Miguel Salvador eta Hasier Oleaga euskaldunek sorturiko jazz doinuak ere entzungai izango dira azaroaren 22 eta 23an, hurrenez hurren. Salvador gitarrista laukote formatuan hurreratuko da Elorrioko Ateneora. 

 

Bestalde, bakarkako proiektua aurkeztuko du, Hasier Oleaga bateria-joleak. Euskal jazzaren bi belaunalditako musikari onenekin elkartu da Oleaga Cantus Caterva proiektua aurrera ateratzeko.

 

Inglaterratik etorriko da Dani Wilde, 22an; kalitate handiko blues eta soul kantaria da. 24an, AEBetatik  TheHolmes Brothers etorriko dira. Sherman eta Wendell Holmes anaiak eta Popsy Dixon dira The Holmes Brothers. Arriolako kontzertu bakarra beraiena izango da: zapatu gauetako rocka eta domeka goizeko elizkizunetako gospelaren nahasketa.

 

Xabi eta Pettiren emanaldiak itxiko du jaialdia: Ray Charles, Beatles edo Jimi Jendrix lako klasikoen eta Big Sandy, Chris Cacavas edo Bill Kirchenen lanen bertsioak eskainiko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!