Joan den ostegunean jokatu zen Olazar txapelketako final zortzirenetako partiduetariko bat. Igor Azpiri eta Jon Landaburu elorriarrek Beitia eta Galarza Galdakao-Usansoloko bikotearen aurka galdu zuten, 10-22. Ondorioz Elorrioko bikotea txapelketatik kanpora gelditu da.
Galarza galdakoztarra nagusi izan zen atzeko koadroetan eta Landaburuk partidu osoan Galarzaren bizkarra ikusi zuen. Aurrekaldean, Igor Azpirik ez zuen bere maila erakutsi, saiatu zen arren ez zuen bere egunik onena izan. Usansoloko Beitiak aurrekaldean erantzun ona eman zuen eta Galarzari oso ondo lagundu zion, azken honen nagusitasuna aprobetxatuz.
Lau t’erdian, banakako lehia ere ikusgai izan zen ostegunean Zaldibarren. Jauregi gipuzkoarrak Oronoz nafarraren aurka jokatu zuen. Abiadura biziko partidua izan zen eta hamahiruna jarri arte neurketa berdinduta zegoen. Hortik aurrera nafarra nagusitu zen eta 22-14 irabazi zuen.
Azaroaren 1ean, 21:30ean, Olazar txapelketak aurrera egingo du Zaldibarko pilotalekuan. Bi partidu jokatuko dira, bata binakakoa eta bestea lau t’erdikoa. Bikoteka, Ansotegi eta Linzoain nafarrek, Zaratamoko Elezkano I eta Larunbe galdakoztarra izango dituzte aurkari. Banakakoan aldiz Agirre nafarra eta Lekeitioko Ansotegiren arteko norgehiagoka jokatuko da.