Herritarrak irakurtzera animatzeko ekintzak

Anboto 2012ko urr. 11a, 11:42

Herritarrak irakurketara hurreratzeko helburuagaz hainbat ekimen ipiniko dituzte urritik abendura arte Elorrioko liburutegian: irakurketa kluba, ipuin-kontalariak, ume txikientzako azalerako ipuinak eta irakurle klubak, esaterako

Herritarrak irakurketara hurreratzeko helburuagaz hainbat ekimen ipiniko dituzte urritik abendura arte Elorrioko liburutegian: irakurketa kluba, ipuin-kontalariak, ume txikientzako azalerako ipuinak eta irakurle klubak, esaterako.

 

Adin-tarte bakoitzerako pentsaturiko ekintzak ipiniko dituzte Elorrioko liburutegian, hil honetan abian. Adibidez, hamazortzi urte artekoek irakurtzeko ohitura garatu dezaten ipiniko dute irakurketa lehiaketa martxan. Abenduaren 14an emango dute lehiaketa amaitutzat, eta ordura arte, gutxienez liburu bi irakurri eta liburutegian prestaturiko fitxa bete beharko dute parte hartzen duten gazteek.

 

Zehaztu dituzte, bestalde, hiruhilabete honetarako lotu dituzten ipuin kontalaritza saio biren hitzorduak ere: urriaren 24an, Maite Arresek jardungo du ipuinak kontatzen, eta Maite Frankok, azaroaren 30ean. Hiru eta bederatzi urte artekoentzako saioak izango dira horiek.

 

Helduentzako hileroko irakurketa klubeko zita ere markatu dute Elorrioko liburutegian. Taldekide eta dinamizatzaileen laguntzarekin, irakurketan sakonduko dute saio horietan. Liburu bat proposatuko dute saio bakoitzean, eta literaturari buruzko iritziak konpartituko dituzte, bertan. Azaroaren 21ean hasiko dira irakurleen klubekin.

 

Horrez gainera, liburutegiko kudeatzaileek jakinarazi dutenez, azarotik aurrera hartu ahalko dituzte erabiltzaileek liburu elektronikoen irakurgailuak maileguan. Irakurgai klasikoak eskura izango dituzte euskarri horretan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!