"Errebonbilo izandakoek gu ikustean inbidia izaten dutela uste dut"

Anboto 2012ko urr. 11a, 08:31

Errebonbiloa edo errebonbiloen musikaria? Ez dauka zalantzarik, Txomin Morenok bere burua errebonbilotzat dauka. Ez du gogoratzen Bizkaian mantentzen den arma alarde bakarra kanpotik zelan bizi zuen; duela berrogei urte hasi zen errebonbiloei txistua jotzen. Ordutik urte batean ere ez du huts egin. Horregatik eta egun hori bizi duen moduagatik agian, domekan, hamaboskoteak azken tiroa bere omenez bota zuen

Errebonbiloa edo errebonbiloen musikaria? Ez dauka zalantzarik, Txomin Morenok bere burua errebonbilotzat dauka. Ez du gogoratzen Bizkaian mantentzen den arma alarde bakarra kanpotik zelan bizi zuen; duela berrogei urte hasi zen errebonbiloei txistua jotzen. Ordutik urte batean ere ez du huts egin. Horregatik eta egun hori bizi duen moduagatik agian, domekan, hamaboskoteak azken tiroa bere omenez bota zuen.

 

Errebonbilo eguna oso berezia izaten da zuretzako.

Bai, eta domekakoa askoz ere bereziagoa. Kanpotik edo barrutik ikusi oso desberdina izango da, baina niretzako oso berezia da sortzen den giroa. Entseguetatik,  batzuetan aurretik ezagutzen ez den jendea batzen da, denak laguntasunean... Ni eskarmentu handikoa izanda, azken momentuan sarritan etortzen dira nigana dudekin, eta nik lasaitzeko esaten diet,  batzuetan entziklopedia bat ematen dut. Askok diote bizitzan behin behintzat errebonbilo izan gura dutela, eta hasierako estuasunak pasatuta, sortzen den giroa ikusita, datorren urterako irrikitan egoten dira.

 

Tiro berezi bat zuzendu zuten domekan zuregana.

Ustekabez harrapatu ninduen. Amaieran, maniobra arraro bat agindu zuen kapitainak, eta nik albokoari: “Zer demontretan dabiltza?”. Atzeratu egin ziren eta nigana zuzendu ziren gero... Poztasunez hartu nuen. Gero kontzejupera sartzean musikariak izaten gara azkenak, eta han sortu zen harrera ere itzela izan zen, denak txaloka... Oso hunkigarria izan zen.

 

Zelan gogoratzen duzu parte hartu zenuen lehen aldia?

Lorentzo Igartua atabaleroak esan zidan txistulari berriak behar zituztela, eta animatu nintzen, gazte-gazte nintzela, hamasei urtegaz. Jendeaurrean jotzera ohituta nengoen dantza taldeagaz ibiltzen nintzelako, baina hura desberdina zen. Jarrera, janzkera... Ardura neukala konturatzen nintzen, ondo egin behar nuen...  Bi minutu pasa eta lasaitu nintzen.  Oso ondo pasatu nuen eta ordutik urtero ibili naiz.

 

40 urtetan ez duzu sekula faltatu?\"\"

Sekula ere ez. Soldaduskan egon nintzenean ere esan nion alkateari bidaltzeko gutun bat esanez beharrezkoa zela ni hara joatea, eta gure kapitaina konbentzitu zuen alkateak. Biharamunean diana jotzen zutenerako  bertan egon behar izan nintzen.

 

Asko aldatu da jaia urteotan?

Bai. Herria bera oso aldatuta dago, eta jendearen jarrera ere bai. Duela urte asko ganberrada ikutua zeukan, baina orain seriotasun gehiagogaz hartzen du jendeak: “Egitekotan ondo egingo dugu”. Batez ere banangoa dantzatzerakoan; hor eurak daude munduaren aurrean.

 

Neskek ere parte hartzen dute alardean.

Gogoratzen dut errebonbiloen afari batean gaia irtetean kontrako eta aldeko jarrerak egon zirela. Harritu nintzen kontrako jarrerekin. Halako batean neska bi etorri ziren galdezka, eta arazo barik onartu genituen. Jendea harrituta egon zen. Gogoratzen dut Hilario Azkarate pilotaria zena zelan ikusi nuen Parran, eta esan nion, “Zer Hilario, zelan  ba hemen?”, “Esan dostie neskak dauzela, eta ikustera etorri naz”. Adineko jendearentzat gauzak bat-batean aldatzea oso arraroa izan zen. Baina ez da polemikarik egon, gehienek ondo hartu dute. Zentzu horretan, Elorriokoa beste alardeentzako eredugarria dela pentsatzen dut.

 

Inoz ibili zarete jendea topatu ezinik?

Duela lau-bost urte pasatu zitzaigun, eta beteranoei galdetu behar izan genien; haiek prest.  Hurrengo urtean futbol taldea zela-eta lagunak animatu, eta pilo bat berri etorri ziren. Arinago errebonbilo izan direnek gu ikusita inbidia puntu bat izango dutela uste dut.

 

Behin polizia batzuekin arazoren bat izan zenuten...

Aspaldi izan zen. Miotan polizia kontrol bat egon zen, eta tiroak entzunda agertu ziren, inguratu gintuzten, eta...  “A ver, que pasa aquí, que hacen ustedes?”. Azaldu behar izan genien zer egiten genbiltzan, zelako jaia zen... Konbentzitzea kostatu zitzaigun, gu gazteak, bizardunak ginen... Eta han etorri ziren hiru-lau Landrover, poliziak metralleta eta guzti.  Irratiz ez dakit nori galdetu zieten, eta baimena eman ziguten azkenean.

 

Noiz arte errebonbilo?

Irauten dudan arte, arazo barik. Jende berria ezagutzen dut urtero, eta garai bateko ume-mokoak errebonbilo bihurtzen ikusi ditut. Bati esan nion, zelan gogoratzen nintzen bera umetan behin txistulariok  molestatzen ibili zela, eta gu esan eta esan, handik joateko. Umeak kartutxoak hartzen ibiltzen dira beti eta arriskutsua izaten da han plazan gure tartean ibiltzea. Euren artean borrokan hasten dira ahalik eta gehien hartu guran, atzamarrak bete arte kartutxo batzen. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!