Irakaslea baino, Biodantza bideratzailea da Mentxu Arjonilla. Duela hamar urte ezagutu zuen Biodantza, eta dantza eta ariketen bidez barne arazo batzuk konpontzen lagundu zion. Dantza eta ariketa bideratuen bidez, gorputzagaz konektatzen laguntzen duela adierazi du; deskonexio hori nabaria da berarentzako.
Klaseak hartzen hasi eta hiru hilabetetara, Gasteizen dagoen Biodantza eskolara joatea erabaki zuen, bideratzaile izateko ikasketak egitera. Orain Elorrion ematen ditu klaseak, ikastolako umeei, eta Lourdesko Ama ikastetxean, herriko ume eta helduei.
Bio eta dantza, zer da biodantza?
Bio bizitza da, eta dantza, sentitutako mugimendua. Biodantza pertsonen integraziorako sistema da, Ronaldo Torok sortutakoa. Sarri kontraesanean egoten diren hiru arlo batzen ditu Biodantzak: adimena, esparru afektiboa eta zentro sexuala –gura duguna lortzera eroaten gaituen hori–. Musika eta mugimenduaren bidez, gorputzaren adierazpena lantzen dugu, bost gaitasun indartzeko: bizitasuna, afektibitatea, sormena, sexualitatea eta traszendentzia. Bideratutako ariketa eta dantza libreen bidez, norbere buruagaz eta taldeko besteekin elkartu eta bakoitzak barruan daukana ateratzen du.
Zehazki zertan lagundu dezake?
Antsietate arazoak, lo egin ezin duen jendea, gorputzeko tentsioak... Gure bitzitzeko ereduaren ondorioak leuntzen. Gure belaunaldiaren gaixotasuna da estresa. Ez da terapia bat; prebenitu egiten duela esan genezake. Zugana datorren guztia bideratzen laguntzen du. Azkenean kontua ez da bizitza zelan datorkigun, zelan hartzen dugun baino. Bizitzak, eta pertsonok, argi-ilunak dauzkagu. Bizitzaren aurrean daukagun jarrera da kontua; itzaletan baino argi puntuetan kontzentratzea, eta gauza on horiei fruituak ematen laguntzea da kontua. Gutako bakoitzaren baitan dago hortik irteteko aukera, eta bidea gorputza da. Biodantzara joan eta ez duzu zure bizitza hankaz gora ipiniko, baina gustatzen zaizuna egiten ote zabiltzan eta zoriontsu ote zaren jabetzen laguntzen du.
Zuk zelan ezagutu zenuen Biodantza?
Arrasaten bizi nintzen, eta nire barne kontuak lantzea behar nuen bizi nuen egoera pertsonalagatik. Hainbat gauza probatu nituen arinago. Biodantzagaz topo egin nuenean, hasieratik ikusi nuen niretzako zela. Beti gustatu izan zait musika eta gorputzaren adierazpena. Nire burua topatzeko premia handia neukan; hainbat kontu onartzekoa, nire burua barkatzekoa, nire burua maitatzekoa, baloratzekoa... Tresna ederra izan zen niretzako.
Zelako saioak izaten dituzue?
Denetariko musika erabiltzen dugu. Hasteko, berba pixka bat egin eta musika biziagaz hasten gara, bizipozagaz konektatzeko. Taldea babes handia da. Ezertaz ezagutu ez, eta dantza bategaz edo joku bategaz, konexio politak sortzen dira, betidanik ezagutzen zaretela eman dezake. Lehenengo dantzetan gure sormenaren potentzialagaz konektatzen dugu. Gero beste dantza eta ariketa transzendetalagoak daude, nork bere buruagaz konektatzeko.
Taldearen izaera garrantzitsua dela ematen du.
Bai. Biodantza talde batean libre sentitu zaitezke, inork ez zaitu epaituko eta ez duzu zugandik atera gura ez duzun ezer aterako.Biodantzako taldeak beti dira irekiak. Bizitza bezala, polita da datorrenari zabalik egotea.
Umeez osatutako taldeak ere badauzkazu. Euren saioak desberdinak izaten dira?
Umeek ez dute behar traszendentzia lantzeko ariketarik. Eurek badaude konektatuta, ez dute bizitzagaz deskonexiorik eduki. Sormena eta bizitasuna lantzen ditugu. Jolas asko egiten dute. Lotsatiak diren umeentzako, adibidez, onuragarria da. Diren modukoak izateko espazio bat da eurentzako, eurei ezer exijitu barik eurek izateko espazio bat edukitzea ederra da. Konfidantza hartzeko eta afektibitatea eta laguntasuna lantzeko ariketak izaten dira. Oso saio politak izaten dira niretzako, euren bizitasunak, pilak kargatzen dizkit.
Umeak deskonektatu barik daudela diozu. Noiz deskonektatzen gara?
Hezkuntza sisteman sartzen garenean eta arauak ikasten hasten garenean: “Horrela egin behar da”, “Zure bizitza eredua hau izan behar da”... Horrelakoak barneratzen hasten gara. Eta tira, hemen gutxienez naturagaz hartuemana izaten dute, hiri inguruan konexio hori galduta daukate. Dena hain dago markatuta, hortik irtetea...Biodantzan nor garen lasai-lasai erakusteko espazioa sortzen da.