Sarri ezkutuan geratzen diren errealitateei begira

Anboto 2012ko ira. 28a, 12:10

Astean zehar Iurretan ere eman dituzte Filme Sozialak jaialdiko pelikulak eta dokumentalak

Astean zehar Iurretan ere eman dituzte Filme Sozialak jaialdiko pelikulak eta dokumentalak.

 

Kultura Communication Desarrollo GKEak bultzatzen du Filme Sozialak. Ekimeneko lanak  Elorrioko Arriola antzokian eskainiko dituzte bihar, domekan eta astelehenean. Gaur, Bilboko Alhondigan egingo dute jaialdiaren inaugurazio ekitaldia.

 

Jaialdi horren laugarren ediziora aurkeztu dituzten 300 lanetatik 55 hautatu dituzte aurten, eta horietariko batzuk izango dira ikusgai Elorrion.

 

Munduari eta normalean ezkutuan edo isilpean geratzen diren errealitateei buruzko irudiak ikusteko aukera eskainiko diete Arriolara gerturatzen direnei. Luzera, formatu eta genero anitzetan izango dira filmak ikusgai.
Esaterako, David Segarraren Fuego sobre Marmara filma emango dute bihar, 22:30ean, Gazara laguntza humanitarioa zeraman Askatasunaren Ontziari Israelgo armadak 2010ean egindako erasoaren kontakizuna.
Domekako filma, Otra noche en la tierra, Cairo barruko bidaia da, iraultzak astinduriko Egiptoko hiriburuan barrena. Gauez eta taxian eroango du ikuslea David Muñozek, Malagako zuzendariak. Taxian sorturiko giro berezia islatzen du dokumentalak. Iraultzari, eta emakumeari eta erlijioari buruzko hainbat aurreiritzi apurtuko ditu, filmak irauten dituen 52 minutuetan.

 

Animazioak eta laburrak

Aipaturiko dokumental luze bi horiez gainera, beste zazpi film gehiago ere emango dituzte asteburuan: Argentinan ekoitziriko Soy Juana animazio lana; bi minutuko El mueble de las fotos film laburra; Miriam Herrero zuzendari mexikarrak aurten sortutako 2012 jaque Maya dokumentala; edota Miguel Gallardo marrazkilariaren Maria y yo komikia oinarri duen El viaje de Maria autismoari buruzko ez-animazioko lana emango dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!