"Jubilatzerakoan Zinemaldira joateko astia hartuko dut"

Anboto 2012ko ira. 25a, 08:30

Huheziko fakultatea Aretxabaletara (Gipuzkoa) pasa berritan agertu da elkarrizketara Joxe Aranzabal. Komunikazio arloan esperientzia handia dauka eta Web 2.0 irakasgaia ematen du. Zaletasunen artean, zinea eta telesailen mundua dauzka. Zinemaldira Dustin Hoffman datorrela iragarri duten honetan, duela ia berrogei urte ezagutu zuenekoa kontatu du Aranzabalek, Papillon filmeko estra izan baitzen ikasle sasoian

Huheziko fakultatea Aretxabaletara (Gipuzkoa) pasa berritan  agertu da elkarrizketara Joxe Aranzabal. Komunikazio arloan esperientzia handia dauka eta Web 2.0 irakasgaia ematen du. Zaletasunen artean, zinea eta telesailen mundua dauzka. Zinemaldira Dustin Hoffman datorrela  iragarri duten honetan, duela ia berrogei urte ezagutu zuenekoa kontatu du AranzaAranzabalek, Papillon filmeko estra izan baitzen ikasle sasoian.

 

Duela 40 urte, Donostian zenbiltzan ikasten, eta pelikula batean parte hartzeko aukera izan zenuen.

Filosofia ikasten nenbilen. Lagunekin nengoela zabaldu zen berria: pelikula bat grabatu behar zen eta Steve McQueen eta Dustin Hoffman zetozen. Estra bila zebiltzan eta ordaindu egiten zuten. Lagun askok eman genuen izena.

 

Zelan gogoratzen dituzu filmatze egunak?

Goizeko seiak inguruan jasotzen gintuzten Grosen. Autobusean sartu, eta Hondarribiara. Lehenengo bi egunetan dendari izan nintzen, eta azken hiru egunetan, lehen mundu gerrako soldadu. Oso ondo pasatu genuen: izarrak ikusten genituen, zinea  zelan egiten zen ikasi genuen... Jantzitegian itxuraren arabera ematen zizkiguten paperak. Multzoa ginen gu. Gero hainbat aldiz ikusi genuen pelikula  ea non agertzen ginen, baina agertu ere ez! Baina primeran pasatu genuen!

 

Dustin Hoffman eta Steve McQueen hurretik ezagutu zenituzten?

Bai, berbetan gure artean egon, eta albotik batek, “excuse me”, eta ah! Steve McQueen zen! Dustin Hoffman ez zen hain famatua oraindik, baina McQueen bere gorenean zegoen. Gurekin oso zuzena eta sinpatikoa zen; ez genion piperrik ulertzen, ez genekielako inglesez, baina oso ondo. Dustin Hoffman oso obserbadorea zen. Gure ilaran preso jantzitako batzuk zeuden, eta baten ondoan jarri zen. Begira jarri eta konturatu zen atzazkalak zikin-zikinak zeuzkala. Berari betunagaz zikintzeko eskatu zuen. Paper horietan txertatu eta bat gehiago izan gura zuen. Guretzako Steve McQueen batez ere idoloa zen, eta eurekin egotea itzela zen.

 

Greba txiki bat ere izan zenuten, protestan.

Bai, egunak luzatu egiten ziren-eta. Seietan irten eta gauez bueltatzen ginen etxera. Pixka bat gehiago ordaintzeko eskatu genien, eta ezetz esan zigutenez greba egin genuen; filmatzea gelditu egin zen goiz batez. Orduantxe konturatu ginen gure artean polizia nazional batzuk zeudela. Greba egin genuenean aldendu egin ziren. Legez greba egitea debekatuta zegoen garai hartan, eta polizientzako, are gehiago. Ez zekiten zer egin, eta joan egin ziren. Arratsalderako konpondu zen, diru gehiago eman ziguten eta listo.

 

Aste bete egon, eta zenbat minutu filmatu ziren?

Hiru-lau eszena daude: presoak kalean gora doazenean, kale nagusian, hondartzan ere grabatu zuten eszena bat, Steve McQueen arineketan, amets gaiztotan... Ez da igartzen Hondarribia denik, baina han geunden gu. Pelikulak hiru ordu inguru irauten du, eta, guztira, Hondarribian grabatutakoa hiru minutu izango dira? Oso gutxi.

 

Zine zalea zara. Orduan ere bai?

Bai, pelikula asko ikusten genituen. Aste horretan piper egin genuen unibertsitatean, baina berdin zen! Dirutxo batzuk jaso eta batez ere esperientzia bizitzea itzela izan zen. Eta pelikula ona da. Urte asko pasatu dira, eta luzea bada ere, ondo ikusten da. Denborak higatu edo sendotu egiten du produktu bat, eta honek ondo iraun du.

 

‘Papillon’ ikusi zenuen lehenengo aldiaz gogoratzen zara?

Euskal Herrira etorri zenean atoan joan ginen lagun koadrila! Ea ezagunen bat noiz ikusiko, baina ez genuen inor ikusi! Gero konturatzen zara ordu asko grabatzen direla eta editatzerakoan moztu egiten dela asko.

 

Zinemaldira joaten zara?

Behin egon nintzen, Hitchcocken film baten estreinaldian: Frenzy. Oso gustura, pelikula oso ona zelako. Oso Hitchcock zaleak ginen. Gero Zinemaldia garai baten herrietara zabaldu zen, eta Eibarrera joan ginen Kubako pelikula batzuk  ikustera. Lanagatik batez ere ez dut aukerarik eduki. Baina ez dakizu zelan jubilatutakoan egiteko gauza batzuk utzi behar diren? Ba orduantxe Zinemaldira joango naiz, pelikula pare bat ikustera. Giro berezia egoten da, kartel handiak... Zinea berez da gauza berezia.

 

Web 2.0 irakasgaia ematen duzu. Teknologia zale handia zara?

Egunean egon gura nuelako hasi nintzen teknologia berriak jarraitzen. Zenbait jende oso trebea da teknologia kontuetan. Ni ez; zer gertatzen den ulertzeko eta informazioa kudeatzeko erabiltzen dut.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!