Hilario Azkarate pilotari ohia hil da

Anboto 2012ko uzt. 23a, 17:38

Sei bider txapeldun izandakoa Elorrion hil da, 76 urtegaz. Argazkian Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Álvarez pilotari elorriarrak 1960an. Anboto astekariak elkarrizketa ere egin zien Hilario Azkarateri eta Jose Antonio Álvarezeri

Sei bider txapeldun izandakoa Elorrion hil da, 76 urtegaz. Argazkian Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Álvarez pilotari elorriarrak 1960an. Anboto astekariak elkarrizketa ere egin zien Hilario Azkarateri eta Jose Antonio Álvarezeri.

 

Hilario Azkarate atzo hil zen, jaioterrian, Elorrion. 60ko hamarkadan arrakasta handiko pilotaria izan zen; eskuz banaka sei txapela lortu zituen. Azkarate pilotari eta erreferente esanguratsua izan zen Bizkaian, berari eskerrak asko indartu zen-eta kirol honetarako afizioa. Julian Retegiren atzetik buruz-buruko txapela gehien jantzi zituen pilotaria izan zen. Lorpen horretan Luan Ignacio Retegigaz berdinduta zegoen, baina final gehiago jokatzeagatik bigarren zegoen palmaresean. Binaka, atzean jokatzen zuen.

 

1957an debutatu zuen Eibarko Astelena frontoian. 1960, 1961, 1962, 1964, 1965 eta 1967an izan zen txapeldun. Elorrioko frontoiak bere izena dauka, omenaldi legez.

 

Omenaldia

Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Álvarez pilotari ohiak omendu zituzten 2010eko uztailean Elorrioko plazako frontoian. Orain 50 urte Elorriorentzat hiru txapel irabazi zituztela gogoratu zuten ekitaldian.

Berrio-Otxoa pilota eskolak eta Elorrioko Udalak elkarlanean antolatu zuten ekimena. Hainbat pilotariren partidak ikusi eta gero, Berrio-Otxoa pilota eskolaren partez txapel bana jaso zuten. Udaletxeak eta Euskal Herriko Pilota Federakuntzak oroigarri bana eman zien.

 

Elkarrizketa ere egin zien Anboto astekariak Hilario Azkarateri eta Jose Antonio Álvarezeri.

 

Hiru txapeldun

Pilotari dagokionez, 1960a urte magikoa izan zen Elorriorentzat. Izan ere, 1960an Espainiako Txapelketako hiru mailatan txapela jantzi zuten; Hilario Azkaratek lehenengo mailakoa irabazi zuen, Felipe Lejarazuk bigarren mailakoa eta Jose Antonio Álvarezek afizionatu mailakoa. Gainera, kuriositate moduan aipatu beharrekoa da hiru pilotariak Erreka kalean bizi zirela sasoi hartan.

 

Gerora Hilario Azkaratek, Ogetari 22-19 irabazi zion hartaz gainera, buruz buruko beste bost txapel ere bereganatuko zituen: 1961ean Etxabe I.aren, 1962an eta 1964an Ariño I.aren, eta 1965an eta 1967ean Atano X.aren kontra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!