Gipuzkoatik Gironara parapentean joateko hamabi egun izango ditu Elorrioko kirolariak, X-Pyr probaren lehendabiziko edizioan.
Aurten lehenengoz antolatu dute X-Pyr parapente proba, eta bertan parte hartuko du Iñigo Gabiria elorriarrak. Abuztuaren 5ean Hondarribian hasiko da proba eta parte-hartzaileek hamabi egun izango dituzte Gironako Port de la Selvako hondartzara heltzeko (Herrialde Katalanak). Herri bien artean 440 kilometro eta Pirinioetako tontorrak daude.
Parte-hartzaile bakoitzak laguntzaile bat izango du, estrategia diseinatzeko, aholkuak emateko edo ahal duenean laguntzeko. Gabiriaren laguntzailea Iñigo Mendibil atxondarra izango da.
Proba ez dago etapatan zatituta. Antolakuntzak Pirineotako hainbat puntutan aurretik ezarritako kontrol guneetatik igaro beharko dute, baina nahi dutenean edo ahal dutenean. Ibilbidea oinez egitea ere baimenduta dago, uneren batean hartara behartuta badaude. Egun bakoitzean, gehienez, hamazazpi orduz ibili ahalko dira parapentean edo oinez.
Iaz ibilbide bera egin zuen
Iaz Gabiriak ibilbide bera egin zuen, baina bere kontura. Orduan hartutako esperientzia eta batutako informazioa baliagarriak izango zaizkiola onartu du, baina beste faktore asko ere kontuan hartu behar dira: “Zortea, estrategia, teknika… Denetarik behar izango dugu. Lasterketa amaitzea da helburua eta ez da gutxi; hamabi egunean ibilbide hori egitea sekulako erronka da”.
Gabiriak 21 urteko esperientzia du parapentean. Iaz bigarren geratu zen Espainiako txapelketan eta birritan irabazia du Parapenteko Iparraldeko Liga. Abuztuaren 5ean hasi eta probak iraungo duen hamabi egunetan gertatzen dena zuzenean jarraitu ahalko da web bidez: www.x-pyr.com.