Jazz eta folk aireak datoz Malitik, AEBetatik eta Euskal Herritik Elorriora

Anboto 2012ko uzt. 20a, 09:15

Hiru kontzertu, antzezlan bat eta dantza gehi irudi ikuskizuna egongo dira uztaila amaitu orduko Elorrioko Musikaire jaialdian; herriko plazan izango dira bost saioak

Hiru kontzertu, antzezlan bat eta dantza gehi irudi ikuskizuna egongo dira uztaila amaitu orduko Elorrioko Musikaire jaialdian; herriko plazan izango dira bost saioak.

 

 

Dozena bat ikuskizun ekarri ditu Musikaire jaialdiak uztailerako, Elorrioko plazara. Horietariko bost, datozen egunetan izango dira gozagai. Kontzertuak dira uztail amaierarako programatu dituztenetariko hiru: AEBetatik datorren jazz kontzertu bat, eta Maliko eta Euskal Herriko folk doinu zaharberrituak izango dira entzungai. 


EMANALDIAK

  • Hazmat Modine, Uztailaren 21ean, 22:30ean, plazan.
  • Fatoumata Diawara, Uztailaren 22an, 22:30ean, plazan.
  • Korrontzi, Uztailaren 27an, 22:30ean, plazan.
  • Morboria teatro, Uztailaren 28an, 20:00tean, plazan
  • Logela & Kukai, Uztailaren 28an, 22:30ean, plazan.

 \"\"

Hazmat Modine taldea ariko  da zuzenean, bihar, Musikaire jaialdian. New York hiriko taldea da Hazmat Modine. Jazzagaz batera blues, reggae, klezmer eta country doinuak eskainiko dituzte Elorrioko plazan.

 

Frantzian bizi da Fatoumata Diawara, eta bere jaioterriko, Maliko, tradizio musika eta nazioarteko beste musika estilo batzuen eraginak batzen ditu bere kantetan. Uztailaren 22an izango da bere ahotsa plazan entzungai.
Agus Barandiaran trikitilariak eta Korrontzi taldean kide dituen musikariek gaur zortzi eskainiko dute kontzertua. Euskal folkari haize berria ekarri diete.

 

\"\"

Azkenik, Elorrioko Logela Multimedia taldearen eta Kukai dantza taldearen elkarlanak itxiko du aurtengo Musikaire. 

 


“Elizperako bereziki sorturiko irudiak proiektatuko ditugu”

 


‘Mapping’ teknikagaz eta Kukaigaz kolaborazioan jardungo du Logela Multimedia taldeak uztailaren 28an. Imanol Garaizabal taldekidea aritu da lanaz

 

\"\"

 

Zer sortzaileren elkarlanetik sortutakoa da ikuskizuna?

Logelako hiru lagunok gabiltza, bideo ekoizpenean bi eta musika arloan beste bat. Kukai taldeagaz kolaboratzen aritu gara.

 

Lehenago ere jardun duzue Kukairekin elkarlanean, ezta?

Bai, aspaldi Latidos egin genuen Kukairekin. Elorriokoak izanda, eta Musikaireren aukera aprobetxatuta, ekoizpen hau egitea proposatu ziguten. Horrela bururatu zitzaigun istorioa.

 

Zertan datza ikuskizuna?

Euren ibilbideko lanen errepaso bat egingo dute Kukai taldekoek: koreografia laburrak hautatu dituzte. Kukairen dantzei irudiak ipiniko dizkiegu guk.

 

Zer berezitasun dauka lanak?

Mapping deritzon teknikagaz landu ditugu irudiak. Arkitekturarekin eta bolumenarekin sinkronizatuta proiektatzen dira irudiak mapping teknika honegaz. Elorrioko elizperako bereziki sorturiko irudiak proiektatuko ditugu. Arkitekturaren neurrira egindako irudiak dira eskainiko ditugunak. Gure irudi eta efektuak dantzekin  eta arkitekturarekin uztartuko ditugu.

 

Beste lanen batean baliatu duzue teknika hau?

Bai, erabili dugu lehenago, baina gauza txikiagoak egin izan ditugu. Teknika hori erabiltzen da, esaterako, irudi batzuk eszenografian sartzen direnean. Teknologia berriek, proiektore potenteagoek, irudiak azalera handiagoetan emateko aukera eskaintzen dute, eta irudi konplexuagoak sor daitezke.

 

Konplikatua izan da lana espazio horretara moldatzea?

Teknika honen berezitasuna da irudiak leku zehatz baterako diseinatzen dituzula. Aurretik egindako lan guztiak ez dizu balio. Gune horretara egokitu behar dituzu irudiak. Kasu honetan ere, emanaldi bakarra izango da.

 

Atzetik lan handia dauka lanak, baina behin bakarrik eskainiko duzue?

Egia esan, konplikatua da ekoizpena, eta denbora daramagu ekoizpena lantzen. Baina, behin ikusteko sortu dugu, bai.

 

Zer harreman dago irudien eta koreografien artean?

Koreografiak ere moldatu egin dira espaziora. Hamabi koreografia eskainiko dituzte Kukai dantza taldeko sei dantzarik. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!