Elorrioko Musikaire jaialdiaren barruan izango da ‘Ticket’ umorezko antzezlana ikusgai, herriko plazan, gaur.
Herrialde Katalanetako Tricicle taldearen lanak munduan zehar antzezten hamalau urte daramatza Clownic laukoteak. Baina, Elorrioko Musikairen etzi eskainiko duten Ticket ikuskizuna, Clownicek sortutako lehenengo lana da. Eduard Mendez, Xevi Casals, Gerard Domenech eta Marc Monsetarrat-ek osatzen dute Clownic, eta Trici-
clegaz jardun dute lana prestatzen.
Clown ikuskizuna da Ticket: Tricicleren ezaugarri artistiko eta estetikoak oinarritzat hartzen dituena. Izan ere, Tricicleren antzerkigintzaren oinordekoak dira Clowniceko sortzaileak.
Umorezko filmen barneko bidaia da Ticket. Umorezko zinemagintzako sekuentzia ezagunenak dira obraren ardatz: esaterako, Charles Chaplin, Marx anaiak, Keaton, Laurel eta Hardy edo Monty Pythonen eszenak berrinterpretatzen dituzte, baina Clownicen eta Tricicleren eran. Absurdua eta erridikulua dira antzezlanaren ezaugarri nagusiak. Hamar segunduro barrea eragingo dietela segurtatu dute sortzaileek.
Dantza ikuskizuna: \'Arte-an\'
Donostiako Dantzaz konpainiaren eta Itzik Galili koreografoaren kolaboraziotik sortutako dantza ikuskizuna egongo da astebete barru, Arte-an; hau ere, Musikaire jaialdiaren egitarauaren baitan. Israelgo koreografoaren Earth apples eta Flash deluxe ikuskizunetan oinarritutako obra da.
Galili koreografo israeldarraz gainera, Lukas Timulak eslovakiar dantzariak ere parte hartuko du Arte-an ikuskizunean.
Energia handia eta maisutasuna uztartzen dituzte Arte-an dantza saioan. Paxkal Indo musikariak perkusioagaz eta txalapartagaz sortutako musikaren erritmoan egiten dute dantza.