Criqueta, lagunartean batzeko aitzakia Elorrioko indiarrentzat

Anboto 2012ko uzt. 5a, 13:05

Ahal dutenero Elorrioko errugbi zelaian batzen dira Indiatik etorritakoak elkarrekin jolasteko. Jijo Ammandyil Varkey orain bost urte etorri zen Indiatik Euskal Herrira beste lau lagunekin batera, lan eskaintza bat onartu ostean. Beste herrialde bateko kultura eta bizimodua ezagutzeko aukera tentagarria iruditu zitzaien denei

Ahal dutenero Elorrioko errugbi zelaian batzen dira Indiatik etorritakoak elkarrekin jolasteko. Jijo Ammandyil Varkey orain bost urte etorri zen Indiatik Euskal Herrira beste lau lagunekin batera, lan eskaintza bat onartu ostean. Beste herrialde bateko kultura eta bizimodua ezagutzeko aukera tentagarria iruditu zitzaien denei.

 

2009an beste bost lagun gehitu zitzaizkien. Hemengo bizimodua estimatzen dute eta bertakotuta daudela diote, baina ez dituzte sustraiak ahaztu. Indian kirolik ezagunena criqueta da eta lagunartean batu eta hartuemana mantentzeko aitzakia legez erabiltzen dute.

 

\"\"Astebururo batzen saiatzen dira, baina ez dute beti lortzen, nork bere familia eta eginbeharrak dituelako. Sasoi batean Elorrioko parke batean jokatzen zuten. Udalak umeentzako parkea egin zuen han eta Elorrioko errugbi zelaira tokialdatu ziren.

 

Hasieran jendea begira geratzen zitzaien: “‘Zer egiten ari ote dira?’, galdetzen zioten euren buruari. Batzuk hurreratu ere egiten zitzaizkigun. Gustura azaltzen genien criqueta zer zen eta nongoak ginen”, gogoratu du Jijok: “Orain, nire herrian baino ezagunagoa naiz Elorrion”, onartu du irribarre batez.

 

Euren jatorrizko kulturaren eta hemen ezagutu dutenaren  arteko zubiak eraikitzeko lantresna aproposa iruditzen zaie criqueta, eta inoiz zerbait antolatzen saiatu direla dio: “Behin errugbi taldekoekin egon eta guk errugbian eta eurek criquetean jokatzen ikasteko aukerari buruz berba egin genuen. Azkenean, asmoa hortxe geratu zen”.

 

Asmo hori ez zen mamitu eta ez dute bestelako asmorik buruan, oraingoz ez behintzat. Bergaran bada criquet talde bat, pakistandarrek osatua: “Askotan jokatzen dute eta guk ez; asko gustatuko litzaiguke partidu bat jokatzea, baina ondo entrenatu barik pentsatu ere ez!”. Elorrion ere bazen Pakistango koadrilla bat iluntzeetan herriko plazako frontoi irekian batzen zena criquetean jokatzeko: “Batzuetan eurengana joaten nintzen berba egin eta criquetean jokatzera. Aspaldian ez ditut ikusi”, aitortu du penaz.

 

Orain hilabete bi gaztelerazko B2 maila gainditu zuen Jijok. Irailean euskaltegian izena emango duela dio: “Hizkuntza zaila dela diote, baina saiatu egin nahi dut. Orain euskaraz, bat, bi… Zazpi garagardo eskatu ditzaket gehienez. Irailetik aurrera nahi adina!”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!