Elliot Murphy gitarrajolearen kontzertuagaz abiatuko dute Elorrioko jaialdia, uztailaren 6an.
AEBetako, Portugalgo, Maliko eta Euskal Herriko musikarien emanaldiak programatu dituzte, besteak beste, uztailean Elorrion ospatuko duten jaialdirako. Tola jauregian izango da jaialdiaren lehenengo hitzordua. Uztailaren 6an joko du New Yorkeko gitarrajole ospetsuenetakoak, Elliot Murphyk, Olivier Durand laguntzaileagaz batera.
Uztailaren 7an, Luisa Sobralen ahotsa entzungo da Tola jauregian. Billy Holliday edota Ella Fitzeraldegaz konparatzen duten Portugalgo abeslaria, eta AEBetan jazz artistarik onenaren saria jaso zuen 2008an Sobralek. Abeslariak gitarra eta arpa ere joko ditu zuzenean, eta taldekideen kontrabaxua, bateria eta pianoa izango ditu lagun taula gainean.
Uztailaren 21ean, New Yorkeko Hazmat Modine ere ariko da Musikairen. Blues musika nahasten dute zortzi taldekideek, reggae, jazz eta ijitoen musikagaz. Travellin Brothers Big Band taldeak ere blues doinuak ekarriko ditu, baina Bizkaian sorturikoak, Leioan.
Uztailaren 22an, Fatoumata Diawara malitarraren txanda izango da. Bere herrialdeko musika tradizioa eta aire berriagoak uztartzen ditu: soul, funk eta jazz doinuak. Egun horretan bertan, Euskal Herriko beste talde bat ariko da, folk doinuak eskaintzeko: Korrontzi talde bizkaitarra.
Gainera, herriko sortzaileen lana ere izango da Elorrioko jaialdian ikusgai: Logela Multimediak eta Kukai dantza taldeak elkarrekin sortu duten ikuskizun berezia eskainiko dute uztailaren 29an.
Musikaireren egitarauak bestelako ikuskizunak ere badakartza: Dantzaz konpainiaren dantza garaikidea, Tricicle kataluniarren Ticket, Extremadurako Teatrapo eta Madrilgo Morboria Teatroaren lanak... Dozena bat ikuskizun, uztaileko gauetarako.
Zelakoa izan da aurtengo jaialdiaren antolakuntza? Honek ez dauka sekretu larregirik: diru-laguntza segurtatuta daukagunean, merkatuan zer dagoen begiratzen eta programazioa atontzen hasten gara.
Diru aldetik ez duzue zailtasun berezirik izan aurten? Egia esan, ez. Askotan irakurtzen dugu erakundeak diru-laguntzak murrizten dabiltzala, baina gure kasuan mantendu egin dira. Guztira 100.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dugu jaialdia, azken urteetan bezala.
Zer ideiarekin landu duzue aurtengo egitaraua? Gure helburu nagusia aniztasuna bilatzea izaten da beti: diru publikoa kudeatzen dugu eta gure asmoa arte eszenikoetan jorratzen diren ahalik eta aukera gehienak erakustea da: kale antzerkia, dantza, musika klasikoa, jazza, folka, world music... Horiek guztiak herriko leku atseginetan entzun eta ikustea proposatzen dugu; ikuskizun bat eskaintzen dugu egunean, soseguz jesarrita eta gustora entzuteko jendeak.
Zein da kartel honetako eskaintzarik erakargarriena? Zaila da esaten, izan ere, Elliot Murphy edo Fatoumata Diawara maila gorengoak baitira: oso bira arrakastatsuak burutzen dituzte... Luisa Sobral portugaldarrarena bezala, ezezagunagoak dira beste izen batzuk, baina entzun ezkero seguru gaude jendea konbentzituko duela.
Noiztik diharduzu jaialdiaren antolakuntzan? Badira hamabost urte. Arriolatik bultzatutako proiektua da, eta udalaren izenean aurrera ateratzen duguna.
|